DEMAGUN
Bistakoa da Espainiako botere judizialak legez kanpo utziko dituela Ezker Abertzalearen balizko hautetsi-zerrendak. Oraingoan, antza, ez dute udal hauteskundeetan egin zuten txapuza bera egiteko aukerarik izango; hau da, ezingo dituzte zerrenda batzuk ontzat eman eta beste batzuk ilegalizatu. Izan ere, legebiltzarrerako hauteskundeetan, alderdi edo elkarte bakoitzak zerrenda bakarra izan behar du, eta ez udalerriak adina zerrenda, munizipaletan bezala.
Zapateroren zerbitzariek (Rubalcabak, Garzonek eta enparauek) kosta ahala kosta aurkituko dituzte D3M eta Askatasuna “ETA-Batasunarekin” lotzeko behar dituzten frogak, nahiz eta, Askatasunaren kasuan bezala, alderdien legea eta Batasuna bera baino lehenagokoa izan. Frogarik ezean, asmatu eta Garzonek sinatuko duen autoa nahiko eta sobera izango da egin nahi dutena egiteko, beste askotan bezalaxe.
Kontua da nik neuk, eta nik bezala beste hamaika euskal naziozalek, ezer bozkatzekotan, Ezker Abertzalea bozkatu nahi dugula, hala sentitzen dugulako geure botoa, ezkerrekoa eta naziozalea; beste kontu bat da ETAren borroka armatuarekiko iritzia. Gutako askok, gehientsuenok esango nuke nik, ez dugu begi onez ikusten, ez dugu legitimatzen bortxakeriaren erabilera politikoa, uste baitugu gaur egun tokiz kanpo dagoela. Baina, hala ere, badakigu ETA eta Ezker Abertzalea, berez, ez direla gauza bera, eta, ondorioz, bereizi egiten dugu borroka politikoa batetik (aupatu egiten duguna), eta borroka armatua bestetik (gaitzetsi egiten duguna).
Gauzak horrela, eta herritar xume baten begietatik ikusita, baliteke nori botoa eman ez edukitzea martxoaren 1ean. Jakina, EAJ-k aldarrikatzen duen euskaltzaleon “voto útil” delakoa ez baita, inolaz ere, aukera bat; ez niretzat behintzat. Egia esanda, Juan José edo Francisco lehendakari izateak, ni neu bederen, ez nau larregi kezkatzen. Bai kezkatzen nau, ordea, zer ote litekeen euskal legebiltzarra ezkerreko naziozaleon ordezkaririk gabe; Ezker Abertzalearen ordezkaririk gabe, alegia.
Demagun, hauteskunde-eguna iritsita, esandako hau guztia gertatzen dela eta, benetan, ez dagoela Ezker Abertzalearen hautetsi-zerrendarik. Zer egin? Nori botoa eman? Jakina, oraingo hauetan ni ez bainago prest abstenitzeko, ez behintzat abstentzioak eserlekuetan islarik ez badu. Beraz, nire uste apalean, hanka-sartze handia litzateke azkenean Ezker Abertzaleak abstentziora deituko balu, nahiz eta, nolabait, zirkunstantziek horretara behartuta ikusi. Hauteskunde hauetan, hortaz, ez dute aitzakiarik.
Nik gauza bat garbi daukat: martxoaren 1ean botoa emango dut. Eta, esan dudan bezala, Ezker Abertzaleari eman nahi nioke. Horregatik, beste erremediorik ezean, demagun Ezker Abertzaleak, hauteskunde-egunaren bezperan-edo, beste alderdi bat bozkatzeko eskatzen duela; esaterako, EA bozka dezagula eskatzen digula imajinatu. Hipotesi horretan, zer egingo lukete espainiarrek, EA ere ilegalizatu? Izan ere, hori bai litzatekeela “ETA-Batasunarekiko” ukaezinezko lotura, eta alderdi legea aplikatuz…
Beste aukera bat, noski, zera litzateke: Ezker Abertzalearen zerrendak, garai batean egiten zen bezala, lege-ezarpenez edo “por imperativo legal” delako formula erabiliz, ETAren ekintzak gaitzestea. Azken batean, ezkerreko naziozaleok badakigu, jakin, kondena-hitzak antzuak direla sakoneko arazoari eutsi ezean; herri honen erabakimena deliberatu ezean, alegia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: