ZPren errezetak: nork ordaindu behar du zorioneko krisia?
Pasa den eguaztenean Jose Luis Rodríguez Zapatero (ezizenez ZP) Espainiako Gobernuko presidenteak estatuko defizit handiari aurre egiteko neurriak aurkeztu zituen Madrileko Diputatuen Kongresuan. Beste behin, hautsak harrotu ditu ZPk esandakoak. Izan ere, neurri hauek ustez ezkertiarra den gobernu batek hartzea benetan lotsagarria iruditzen zait (azaldu zituen moduan, behintzat).
25 urtean lehen aldiz (1985etik alegia) jubilatu eta alargunen pentsioak ez dira KPIaren (Kontsumorako Prezioen Indizearen) arabera igoko. Gutxieneko pentsioak eta Errenta Aitorpena egin behar ez dutenenak izan ezik, beste guztiak izoztuta geratuko dira. Benetan neurri sozialista, kontuan izanda familia gero eta gehiago pentsiodunei esker bizi dela, lan egiteko adinean daudenak ez baitute lanik egiteko aukerarik.
Menpetasun egoeran dauden gaixoei ematen zaizkien laguntzak espedientea onartu ondorengo aldia bakarrik hartuko dute bere gain. Hau da, demagun, gaur istripu larri bat izanez gero eta lan egiteko gaitasun fisikoa galduz gero, laguntzak eskatu eta tramite guztiak onartu arte zain egon beharko du gaixoak; bien bitarteko gastu eta zaintza guztiak bere edo familiaren poltsikotik ordaindu beharko ditu, baita tramiteak betetzeko 6 hilabeterainoko epea itxaron behar badu ere. Neurri hau ere, no comment!
Garapenerako laguntza 2011 eta 2012 urteetan 600 milioi euro gutxiagokoa izango da. Hau da, oraindik gu baino askoz okerrago dagoenari orain arte eman diogun limosna apurra oraindik txikiagoa izango da datozen urteetan. 2008an, BPGaren %0,43a eman zuen Espainiak, NBEk proposatu eta adostutako %0,7tik urrun (eta geroago eta urrunago, antza denez).
Ume jaioberrien gurasoei 2008tik ematen zaizkien 2.500 euro famatuak ezabatu egingo dira. Neurri hau, bere garaian, lotsagarria iruditu zitzaidan. Ez kopuruagatik, bere unibertsaltasunagatik baino (unibertsalak baikara aberatsei erregaluak egiteko orduan, beste ezertan baino lehen). Esango didazue, bestela, adibidez, Borboiko Felipek izandako haurrak eta langabezia eta miseria gorrian dauden batzuek izandako haurrek sari bera izatea zer den. Populismo merkez jantzitako bidegabekeria hutsa, besterik gabe.
Beste alde batetik, botikak erosteko orduan tratamenduak eskatzen duen kopurura egokitutako dosiak emango dira. Horrela, botika kopuru handiegia saltzea eta soberakinak etxeetan pilatzea eragotzi nahi da, horrek dakartzan arriskuekin (automedikazioa kasu). Neurri hau interesgarria da, baina partxe hutsa.
Polemika gehien beste neurri batek sortu du, orain arte inoiz egin ez denak: funtzionarioen soldatak murriztu egingo dira aurten lehen aldiz. Karguaren arabera, murrizketa %5 eta %15 artekoa izango ei da eta esparru guztiak hartuko ditu bere baitan (estatuko, autonomia erkidegoetako, udaletako eta unibertsitateetako funtzionarioak). Gobernuko ministroek, diputatuek eta senatariek ere beraien elkartasun maila handia erakutsi nahi izan digute eta beraien soldatak %15 jaitsiko omen dituzte.
Funtzionarioak aipatzeak beti sortzen du halako giro berezi bat. Langile gehienek (funtzionarioek izan ezik, jakina) eta langabetuek inbidiaz begiratzen diete garai latz hauetan ere lanpostua ziurtatuta daukaten horiei. Askotan egin izan dugu barre (egoera bestelakoa zenean gehienbat) administrazio publikoko jende horiei eta beraien jardueren kontura; lanpostua ziurtatuta izateak alferrago bihurtzen dituela uste izan dute askok, aparteko lasaitasunez lan egiten dutela... Denetarik egongo da ziur asko, baina beti bezala orokorkeriak egitea ez zait batere justua iruditzen (kontuan izan 2.659.010 funtzionario daudela estatuan, horietatik bateren bat langile fina izango da, ezta?). Funtzionarioak, pribilegiatu batzuk direla ukatu gabe, zergatik ordaindu behar dute beraiek sortu ez duten krisia? Krisia sektore finantzieroan sortu zenean estatuek bankuei laguntzeko erabilitako dirua berreskuratzeko zilegi da langileei eta beharrizanean daudenei gerria estutzeko eskatzea Espainiako bost banku handienek 2009an 16.000 milioi euroko irabaziak izan zituztela kontuan hartuta? Ez al litzateke bidezkoena Estatuak emandako diru hori itzultzeko eskatzea, herritarrek ordaindu behar izan gabe?
Lehenengokoa izan naiteke funtzionarioei esfortzu berezi bat eskatzeko orduan. Baina beti ere esfortzu horretatik lortzen den dirua gizartearen zerbitzura erabiltzeko bada: hezkuntza, osasuna, garraio publikoa, lanpostuak sortzea... baina inola ere ez denon lepotik aberastu diren gutxi batzuek beraien luxuzko egoera bere horretan manten dezaten.
Izan ere, hemen dator txisterik handiena: errentarik altuenekoei zergak igotzea planteatzen ote duen galdetuta, ZPren erantzuna: ez dugu baztertzen. Beraz, krisialditik irtetzeko errezeta bakarrak eskuin neoliberalak planteatutakoak dira: gastua ahalik eta gehien murriztu, kontuan izan gabe estatuaren gastuak (sozialak behintzat, beste gastu mota asko daude eta) errenta apalenei egiten diela mesede. Aberatsek lortzen dute beste bide batzuetatik (pribatutik) publikotik espero ezin daitezkeen zerbitzu eta arreta bereziak.
Alderdi Popularrak Berdintasun eta Etxebizitza ministerioak kentzea proposatu dio gobernuari, baita Hezkuntza eta Kultura ministerioak batzea ere. Ez du aipatu (ez da batere harrigarria) adibidez Defentsa ministerioan murrizketak egitea. Nolako aurrekontua du gerran eta heriotzan oinarritzen den ministerio horrek? Ejerzitoa, bake garaian (ustez bake garaian gaude), parasito sozial kuadrila bat besterik ez da. Zer onura ekartzen dizkigute hainbat jeneral, komandante, sarjentu eta abarrek? Arazo eta susto ugari, abisurik eman gabe gure herri eta mendietan "aprobak" egiten ikusten ditugunean.
Berdintasun ministerioak propaganda hutserako baino ez du balio bere horretan. Egiten dituen lanak garrantzizkoak direla ukatu gabe (berdintasuna helburu izan beharko genuke gure gizartean) lan hori erraz bete daiteke modu transbertsal batean (ministerio guztiei dagokie beraien esparruan emakume eta gizonen parekidetasuneranzko pausoak ematea). Ez dago, beraz, ministerio konkretu baten beharrik horretarako. Etxebizitza alorreko politikak autonomia erkidegoetara transferituta dauden neurrian, ez du zentzurik ministerio bat izatea, berriz ere propagandarako ez bada.
Aldaketa hauek guztiek ez dute sakoneko arazoa (langabezia eta beharrizan sozialak) konpontzeko ezer lortuko. Konfiantza lortzea omen da ekonomia martxan jartzeko baldintza: horretarako egokiena erantzuleek beraien erantzukizunak hartzea litzateke, ez inolako errurik ez duten herritarren gain zama guztia jartzea. Izan ere, krisi honetatik ateratzeko bidea kontsumo masiboa dela sinistarazi nahi izan digutenek (kotxeak erosteko dirulaguntza itzelak adibidez) orain kontsumoa gogor murrizteko neurriak hartzeaz mintzo dira (funtzionarioen soldatak eta pentsioak murriztea kontsumoaren aurkako atentatua da argi eta garbi). BEZ zerga ere laster igoko dute gainera. Beti bezala behartsuenak irtengo dira galtzaile, gehienek beraien eros ahalmena eta eskubide sozialak murriztuta izango dituzte eta gutxi batzuek betiko antzera jarraituko dute, ezer gertatu ez balitz bezala.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: