Zergatik ez dut PSE-PP-UPD gobernua bideragarri ikusten?
Labur bada ere, azaldu nahiko nuke "konstituzionalista" edo "espainiar nazionalistek" osatutako gobernua zergatik ez zaidan bideragarria iruditzen.
1- Hiru alderdi horien (PSE, PP eta UPD) dagoen distantzia ideologikoagatik. Gobernuaren helburu bakarra orain arteko hirukoa ordezkatzea izango litzateke. Hasieran neurri "espektakularrak" egingo lituzkete, beraien arteko batasuna agertzeko... baina epe ertainera argi geldituko litzateke programen aurkakotasuna. "Arrakasta" bakarrak orain arte lortutakoaren aurka joatean izango litzateke (euskararen kontra, erabakitze eskubidearen kontra...) baina eguneroko politikan (krisia, langabezia, zergak, azpiegiturak...) konpondu ezineko desadostasunak dituzte.
2- PP eta PSOE elkarren etsaiak dira estatuan. PPk PSEri jaurlaritza eskaintzea, hasieran, ondo ikusiko lukete Espainiako PPn, baina sozialistak denbora igarota hor jarraitzen dutela jakiteak nahitaezko desgastea ekarriko die espainiar eskuindarrei.
3- UPDk harreman gatazkatsuak ditu biekin. Gogoratu Rosa DĂezek nola utzi zuen alderdi sozialista, zer nolako gauzak esan eta egin ondoren. PPrekin, aldiz, lehia elektoral gogorra izan du; UPDk loditzeko behar dituen botoak, inondik ateratzekotan, PPri kenduta lortu behar ditu, ez du beste aukerarik.
4- ZPk nahi duen bezala esango du Patxi lehendakari ikusi nahi duela, baina ez ahaztu Madrileko kongresuan ezinbestekoak zaizkiola EAJren sei eserlekuak aurrekontuak eta lege garrantzitsuenak aurrera ateratzeko. EAJren babes hori galduta, nor izango luke aliatu? CiUren kasua oso zaila da, Katalunian lehen alderdia izan arren (bai boto eta baita eserlekuetan ere), PSC-ERC-IC koalizioak gobernatzen baitu. CiUk ez dio ZPri bere babesa ezeren truke utziko. Beraz, ZPk aukeratu egin beharko du bere aliatua Madrilen: EAJ edo CiU. Eta bere aliatua denari utzi egin beharko dio gehiengoa duen erkidegoko gobernua.
5- Aldaketarako gobernu posible horrek (PSE-PP-UPD) ez du gestio esperientziarik. Kataluniako hirukoaren kasuan (PSC-ERC-IC) Generalitat-eko gobernura iritsi aurretik esperientzia handia zuten elkarlanean, besteak beste, Bartzelonako udalean. PPk eta PSEk elkarrekin gobernatutako udaletan, aldiz, ezegonkortasuna izan da nagusi, gatazka gogorrak bizi izateraino (gogoan izan Donostiako udalean Maria San Gil eta Odon Elortzaren arteko liskarrak).
Beste arrazoiren bat bururatzen zaizue?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: