Hauteskundeen ostean lehen inpresioak
Hauteskunde autonomikoak pasata, emaitzak mahai gainean ditugu. Ukaezina da hauteskunde autonomiko (EAEko) "irekienak" izan ditugula eta datozen aste edota hilabeteetan datorkiguna oraindik eta zabalagoa eta lehiakorragoa izango dela. Ekin diezaiogun, labur bada ere, hauteskundeen gorabeherak aztertzeari.
Lehenengo aipatu nahi dudan datua abstentzioarena da. Askotan, eserleku, boto eta abarrekoei buruz hitz egiteko hartzen den presak datu hau ezkutarazi egin ohi digu (salbuespena, adibidez, ezker abertzaleak abstentziorako deia egin izan duen kasuetan izan da). Botorik eman gabe gelditu dira horretarako eskubidea zutenetatik %34,12, aurreko hauteskundeetan (2005) baino zertxobait gehiago. Hain lehia estua aurreikusten zen hauteskundeetan hamarretik hiru lagun baino gehiagok "paso" egiteak zer pentsatua eman beharko lieke politikariei. Eztabaida hori luze joango da eta beste baterako utziko dut.
Ezin uka hauteskunde hauek D3M eta Askatasunaren ilegalizazioak markatu dituenik. Lehen aldiz Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritzarik gabe gelditu da ezker abertzaleko zati hori (batzuek ezker abertzalea soilik izendatzen dute, ezker "erradikala" beste batzuek, ezker abertzale "ofiziala"... edo nahi den bezala). Kanpainan zehar beraien aurkako jazarpena ia ridikuloa izatera iritsi da, papeleta bera edukitzea ere delitu bihurtzeraino. Komunikabideetatik baztertuta, kanpaina egiteko aukera oso mugatua izan dute. Hala eta guztiz ere, bakoitzari berea aitortzea bidezko denez, esan beharra dago egoera horretan lortu dituzten 100.000 botoak emaitza ona direla beraientzat eta boto horiek guztiak legez kanpo uzteak PSE-PP-UPD gehiengoa ekarri duela legebiltzarrera. Komunikabideetan kaleratu denez, D3Mren botoak legalak balira, 7 eserleku lortuko lituzkete eta horrek "gehiengo konstituzionalista" gutxiengo bihurtuko luke.
Gainerako alderdiei dagokienean, EAJk inkesta gehienek eskaintzen zizkioten aurreikuspenak gainditu eta 30 eserleku lortu ditu. Ezin da 2005eko hauteskundeekin zuzenean erkatu, orduan Eusko Alkartasunarekin koalizioan joan ziren eta. Zentzu horretan, eta EAJk Ibarretxeren inguruan egindako kanpaina "pertsonalista" aintzat hartuz, garaile garrantzitsuena Ibarretxe lehendakaria izan dela esan daiteke. Berari dagokio gobernua eratzeko elkarrizketak hastea, nahiz eta jakin ez duela lan erraza izango.
Alderdi Sozialistak gorakada garrantzitsua izan du, 274.000 bototik ia 316.000 botora pasa baita. Legebiltzarrean 18 eserleku izatetik 24 izatera (momentuz, azken eserlekua Araban irabaziz gero 25era igaroko litzateke). Aurrerakada nabarmena da, hori ezin du inork ukatu, baina hala ere nire iritziz zituzten espektatibak ez dituzte bete. EAJk baino 6 eserleku gutxiagorekin eta nahiz eta PP-UPD bikotearen babesa izan, gobernatzeko zaila izango du bere hautagaitza aurkezteko prest azaldu den Patxi Lopezek.
PPk aurreko hauteskundeetan hasitako beherako bideari jarraitu dio, 60.000 boto eta 2 eserleku galduta. Inkestek aurreikusitako porrotik ez zaio gertatu (9-11 bitartean esaten zuten) eta 13rekin gelditu da. Hala ere, poza zen nagusi PPren "kuartelean", alderdi eskuindarra abertzaleak jaurlaritzatik kanporatzeko giltza bihurtu baita. Kanpaina, nolabait esateko, "barregarria" egin ondoren, hautagai "xelebre" horrekin, legebiltzarrean inoiz baino botere gehiago duela dirudi (ez dut gogorik Basagoitiren "okurrentzia" eta abarrekoei buruz idazteko).
Aralarrek, inkestek aurreikusitakoari jarraituz, igoera garrantzitsua izan du. Aintzane Ezenarrok bakarrean lau urtetan zehar egindako lana saritu dute 62.000 herritarrek eta hiru herrialdeetan ordezkaritza lortu du (4 diputatu). Hala ere, larrosa guztiek izaten dituzte beraien arantzak, eta Aralarren beste helburu garrantzitsua (gehiengo abertzalea bermatzea) botoetan lortu den arren, eserlekuetan ez da gauzatu.
Ibarretxeren arrakastaren aurrez aurre, bere sozioek inoiz ez bezalako porrota jasan dute. Eusko Alkartasunak 37.800 boto lortu ditu eta, momentuz, 2 eserleku (atzerriko botoak zenbatuta, horietatik bat PSEra joan daiteke, Araban boto gutxiren aldeagatik lortu zuen eta). Alderdiko burua Bizkaitik aurkezten zenez, Legebiltzarretik kanpo gelditu da eta, ondorioz, Jesus Mari Larrazabal gipuzkoarra izango da EAren ahotsa Gasteizen. Emaitza hauek, goibel aitortu beharra dago, EAko buru Unai Ziarretaren karrera politikoa zalantzan jartzeaz gain EAren beraren etorkizuna ere kili-kolo dagoela erakusten dute
Ezker Batuari dagokionean, beste horrenbeste. Alderdiko buruak (Javier Madrazok) ez du eserlekua lortu eta 3 diputatu izatetik bakarra izatera igaro dira (hau ere Gipuzkoan). Estatu mailan Izquierda Unida alderdiak azken urteetan izandako emaitza kaskarren kontrapuntutzat aurkeztu izan dira bere "aliatuek" EAEn (Ezker Batua) eta Katalunian (Iniciativa per Catalunya) mailari eustea lortu dutela. Atzoko emaitzek Ezker Batua Izquierda Unidaren zulo berera barneratu dutela dirudi.
UPDren eserlekua aurreikus zitekeen PPren jaitsiera eta kanpaina xelebrearen ondorioz. Ez dut uste esateko beste ezer dutenik.
Hauek izan dira nire lehen balorazioak. Hemendik aurrera ere luze egongo da hitz egiteko eta idazteko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: