EAk eserlekua galdu du

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2009-03-06 13:10

Jakin da hauteskunde gauak utzi zuen azken inkognitaren erantzuna: Arabako azken eserlekua, igandean 8 botogatik Eusko Alkartasunak lortu zuena, atzerriko botoak zenbatuta, Alderdi Sozialistara joan da. Zentzu horretan, PSEk 25. eserlekua lortu du eta EA bakar batekin gelditu da Gasteizko Legebiltzarrean. Abertzaleontzat berri kaxkarra, duda barik, Patxik ez baitu orain Rosaren UPDren beharrik gehiengoa lortzeko; aldiz, PPrekin bakarrik adostuta gehiengo absolutua lortzeko bidean da.

Aldaketa horrek Eusko Alkartasuna kinka larrian utzi du. Inoiz baino boto gutxiagorekin (38.000 pasatxo) eta ordezkaritza minimoa lortuta, gezurra dirudi orain dela 20 urte (alderdia sortu zenean) 180.000 bototik gora eta 13 eserleku zituela.

Egoera honen aurrean, alderdiaren sektore "ofizialaren" iritzia izan da urteetan EAJrekin izan duten aliantzak alderdiaren izaera berezia lausotu egin duela eta gizartea ez dela bien arteko ezberdintasunak ikusteko gai izan. Oraingoan jeltzaleen aterkipetik aterata ("independenteak" leloa erabiliz) aurkeztu dira kanpainan. Proposamen berria ere egin zuten (edo betiko ideiaren formulazio berri bat) "polo soberanista" deitua eta kanpainan zehar EAJ-PSE balizko gobernuaren arriskuez mintzatu dira.

Litekeena da gizartearen zati batek urteetan EA EAJren koalizio kide ikusi izana. Horrela bada, 15 eguneko kanpaina bat ez da aski zortzi urtez koalizio kide izandako alderdi handitik bereiztu eta mezu berri definitu bat zehazteko. Bestalde, kontuan izan behar da diskurtso bereziak dituzten arren, EAk eta EAJk gehienbat hauteslego potentzial bera daukatela, tradizio beretik datozela, zuhaitz beraren adarrak direla. Kanpainan mezuen gehiegizko aurkakotasunak herritarrak nahastu dituela dirudi eta horren aurrean indartsuenak du irabazteko aukera gehien, zalantzarik gabe.

EAren baitako sektore "kritikoa" deituak (Gipuzkoako exekutibaren ingurukoak nagusiki) emaitza kaxkar horiek jeltzaleengandik gehiegi aldentzearen ondorio direla dio. Hauen aburuz, abertzaletasuna indartzeko EAJren eta EAren arteko aliantza estrategiko iraunkorra ezinbestekoa da. Ez dute EArentzat EAJ ez den beste aliaturik ikusten (ez hain modu nabarmenean, behintzat) eta EAren sorrerako balioak aipatzen dituzte horretarako: abertzaletasun instituzionala deiturikoa, hain zuzen.

Eusko Alkartasuna sorreratik dialektika horretan egon da, EAJrekiko distantzia argi utzi nahi izan du baina era berean lotura guztiz apurtu arte. Abertzaletasunaren hirugarren bidea sortzea izan da EAko zenbaiten asmoa urteetan, hau da, EAJren eta ezker abertzalearen artean bide propio bat eraikitzea. Orain, aldiz, lehiakide estu bat agertu zaie EAJrekiko harreman hain estuak nahi ez dituzten EAkideei: Aralar. Alderdi berri honek pasa den hauteskundeetan izandako arrakasta EAren porrotarekin bat etorri da. Beraz, pentsatzekoa da EAko boto emaile kopuru esanguratsu bat EAJra aldendu dela eta beste multzo bat Aralarrek jaso duela.

EAk etorkizuna ez du oso argi, etxe barneko gorabeherak konpondu behar ditu lehenengo, abertzaletasuna hain zatituta dagoen garai honetan gizarteari mezu sinesgarri bat eman nahi badio behintzat. Datorren apirileko kongresuan, zuzendaritza berria izendatzeaz gain hurrengo urteetarako bide horria zehaztu beharko du. Zintzotasunez autokritika sakona egiteko garaia heldu zaio, triunfalismoetatik urrun: hutsegiteak aitortu eta konponbiderako bidean jarri.


Utzi iruzkina: