e-book-a, Durangoko nobedadea.

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2009-12-06 12:54

Atzo egin nuen urteroko erromesaldi txikia euskal kulturaren Meka edo Jerusalemera. Inoiz komentatu dudanez, Durangoko abendu hasierako plaza hori ezinbesteko zaio gure kultura txikiari biziraungo baldin badu. Bertan ikusi nuenez, iraun ezezik, eraldatu ere egingo da apurka-apurka, teknologia berriek dakartzaten aukera eta erronka berriei esker (edo horien ondorioz, esan beharko nuke?).

Espero baino jende gutxiago sumatu nuen Azokan, larunbat arratsaldea izanik, nahiko urri zela esango nuke. Joan ginenentzako, aldiz, askoz hobe, erakus mahaietara gerturatzeko inolako trabarik ez genuen izan eta. Hala ere, atzo jende gehien pilatu zen gunea e-book-ari buruz (liburu elektronikoaz ari naiz) azalpenak ematen zituen stand-a zela iruditu zitzaidan.  Nik neuk ere, denbora dexente igaro nuen "tramankulu" horiei begira eta gogoeta batzuk biztu zizkidan bertan ikusi eta entzundakoak.

Liburu elektronikoa, finean, pantaila txiki bat da; esan dezagun, bere pisua (gutxi gorabehera) koaderno txiki baten antzekoa dela. Bertan, irakurleak ia nahi beste liburu sar ditzake eta, beraz, edonora doala ere aldean eraman bere liburutegi txiki partikularra. Elkar liburudenda-sare euskaldunak saltzen dituen modeloetan, adibidez, 1.500 libururentzako tokia dago. Horri, gainera, kanpoko memoria txiki bat gehi dakioke, argazki makina digitalek duten antzerakoa; horrela, beste hainbeste liburu eraman ditzakegu aldean.

Ordenagailu eta bestelako pantailek ez bezala, e-book-ak ez du argi propiorik botatzen. Hori dela eta, argia behar dugu bertan irakurtzeko, liburuko papera irakurtzeko behar dugun bezala. Baina, horri esker, ez omen da ikusmena gehiegi nekatzen, ordenagailuaren aurrean orduak pasatzen ditugunean ez bezala.

Beste alde batetik, imprimatzeko kostuak aurrezten direnez, liburu baten bertsio elektronikoa paperezkoarena baina merkeagoa da jadanik. Atzo entzun nuenez, liburu baten bertsio elektronikoa paperezkoa baina %25 inguru merkeagoa da, baina eskaria igotzen joan ahala, gehiago merketuko omen da (Amerikako Estatu Batuetan, adibidez, bertsio elektronikoa paperezkoa baina %50 inguru merkeagoa ei da).

Hala ere, dena ez da arrosa kolorekoa, noski. Momentuz liburu elektronikoen eskaintza ez da oso zabala, nahiz eta euskaraz (hasieran egoteko) eskaintza nahiko txukuna iruditu zitzaidan. Besteak beste, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Kirmen Uribe, Uxue Alberdi, Joan Mari Irigoien... bezalako idazle ezagunen lanik berrienak dagoeneko formatu horretan irakur daitezke.

Irakurgailuen prezioa nahiko altua da (200-300 € inguru, oker ez banago), baina horrelako bat erostearekin batera hainbat liburu oparitzen dizkizute, eta horrek nahikoa konpentsatzen duela iruditzen zait.

Arazo bakarra ikusten diot momentuz (nahiko larria iruditzen zaidana, gainera): Irakurgailua galdu edo matxuratzen bazaizu edo lapurtzen badizute, ezer barik geratzen geratzen zara (ez irakurgailu ez liburu). Irtenbide bat liburuen kopia bat ordenagiluan edo bestelako diskoren batean gordetzea izan daiteke, Espainiako Gobernuko kultura ministroak atxilotzen ez bazaitu pirata zarelakoan.

Duda barik, aldaketa garaiak datoz kulturgintzan (eta kultura horren zabalkunde bideetan). Epe ertain eta luzera, zein izango da liburuaren etorkizuna? Libururik irakurriko al dugu paperean, ala egun osoa pantailei begira igaroko ote dugu? Zalantza beteriko gaia dela ukatu gabe, gauza bat esan dezakegu argi eta garbi: oraindik orain, paperezko liburuak etorkizun sendoa duela aurretik. Urte luzeetako ohiturak ezin baititugu goizetik gauera aldatu, aldaketaren eraginak ezagutu aurretik, behintzat.


Utzi iruzkina: