Yoga Sutrak II. (6): yama eta niyama (2)

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2022-02-17 10:03

Namaste.

Yama eta Niyamekin jarraitzen dugu, D.K.V. Desikachar-en yoga sutren bertsiotik:

II.35.: Besteekiko zenbat eta zentzudunago jokatu, hainbat eta gehiago suspertuko dira sentimentu lagunkoiak gure ingurukoen artean.

II.36.: Komunikazio egokian maila altua erakusten duenak ez du hutsegingo bere ekintzetan.

(Satya. Komunikazio zintzoa, sentsibilitatez betea, besteei minik ematen ez diona, gezurrik gabekoa eta behar duen hausnarketaz hornitutakoa egiteko gaitasuna duen pertsona izakera landukoa izango da.)

II.37.: Besteenak diren gauzei irrikarik gabe begiratzen dion pertsona hori fidagarria izango da. Denen konfidantza izango du eta berarekin partekatuko dituzte haien jabetzak.

(Asteya).

II.38.: Bere momentu onenetan,  moderazio edo neurritasunak norbanakoaren bizitasun maila altuena sortzen du.

(Bramacharya. Ez dugu ezer alperrik galtzen gauza guztietan neurritasuna bilatzen badugu. Zeozertaz gehiegi nahi izateak arazoak sortzen ditu eta gutxiegi, berriz, desegokia izan daiteke.)

II.39.: Gauzen gose ez den norbait ziurra da. Sakonki gogoeta egiteko denbora dauka. Bere burua osoki ulertzeko gai da.

(Aparigraha. Zenbat eta gauza gehiago izan, gehiago zaindu behar ditugu. Gauzak pilatzen, zaintzen eta haietaz arduratzen xahutzen dugun denbora eta indar hori ezin da erabili bizitzaren oinarrizko gauzetan. Zein da jabetzan izan behar ditudan gauzen muga?)

II.40.: Garbitasuna garatzen dugunean, beti garbi dagoena eta etengabe mantendu behar dena erakusten digu.

(Saucha. Azalekoak eta iragankorrak diren gauzekiko dugun gehiegizko atxikimentua murriztuz joaten da.)

II.41.: Gainera, norbanakoaren banakotasunaren gaineko hausnarketa egiteko gai bihurtzen gara, baita, hautematearen iturri berberaren gainean ere, zentzumenek edo garai bateko irizpide okerrek arreta galarazi gabe. 

(Kanpoko gauzei ez zaie gehiegizko garrantzirik eman behar. Barrurago badaude gauzak begiratzeko. Arropa zikina erraz aldatu dezakegu baina gure barnean zikinkeria baldin badago, nekezagoa izango da garbitzea.

II. 42.: Erabateko zoriontasuna gure asebetetzearen emaitza besterik ez da.

(Samtosha. Daukagunarekin asebeteta sentitzen bagara zoriontsuak izango gara).

II.43.: Ez-purutasunen murrizketak gorputzak eraginkortasun haundiagoarekin funtzionatzea dakar.

(Tapah. Praktika jarraitu batek gaixotasunak, bai fisikoak nola psikikoak, kontrolpean mantentzen ditu.).

II.44.: Maila gorenean egiten den ikasketaren bitartez, ulermena errazten duten gaitasunetara iritsiko gara.

(Svadhyaya. Zenbat eta hobeto ulertu gure ahulgune eta indarguneak orduan eta hobeto erabiliko ditugu gure gaitasunak eta menderatuko ditugu gure ahultasunak).

II.45.: Jainkoaganako gurtzak, aukeratzen dugun edozein objekturekiko erabateko ulermena sustatzen du.

(Goreneko intelijentzia horri egiten diogun gurtzaren bitartez konfiantzazko sentimentu bat irabazten dugu. Orduan ez da inongo arazorik izango adimena edozein objektuetara (oso konplexua izanik ere) bideratzea.)

 

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: