Yoga Sutrak II (2): hautematen dena eta hautematen duenaren arteko ezberdintasuna.

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2021-11-07 15:18

Namaste.

Patanjaliren Yoga sutrekin jarraitzen dugu T.K.S. Desikachar-en bertsiotik.

II.17.: Ekintza baten eraginez sortzen diren ondorio mingarrien arrazoi nagusia hautematen dena eta hautematen duenaren artean ezberdintzen ez jakitean datza.

(Norbanako bakoitzaren baitan hautematen duen entitate bat dago. Hautematen denaren oso bestelakoa da. Hautematen dena adimena izan daiteke, gorputza, zentzumenak, gauzak,... Baina batzutan ez ditugu ezberdintzen. Hautematen dena aldatu egin daiteke, baina, ez gara aldaketa hauetaz konturatzen.)

II.18.: Hautematen den guztiaren barne daude guregandik kanpoko objektuak, baina, ez horiek bakarrik, baita adimena eta zentzumenak ere. Hautematen den guztiak 3 ezaugarri partekatzen ditu: geldotasuna (tamas), bizkortasuna (rajas) eta argitasuna (sattva). Ezaugarri hauek bi ondorio mota dituzte: hautematen duena haien eraginpean jartzea edo eraginen eta hautematen duenaren arteko ezberdintasuna ezagutzeko bidea ematea.

(Hautematen den guztiak lehen aipatutako 3 ezaugarriak erakusten ditu indar edo maila ezberdinetan.)

II.19.: Hautematen den guztiak 3 ezaugarri horiekin du zerikusia.

(Gainera, elkarrekiko eragina dute. Adibidez, jaten dugunak gure adimenaren egoeran eragina du edo gure buruaren egoerak gorputzarekiko edo ingurumenarekiko dugun jarreran eragina du.)

II.20.: Hautematen duenak, berriz, ez du inoiz aldaketarik somatzen, baina, adimenaren bitartez hautematen du beti.

(Beraz, pertzeptzioa adimenaren egoeraren araberakoa izango da.)

II.21.: Hautemana izan daitekeen guztiak xede bakarra du: hautemana izatea.

II.22.: Hautemanak izan daitezkeen objektu guztien existentzia, hautematen duen norbanakoaren beharrekiko independentea da. Haiek, hainbat norbanakoen behar ezberdinak asetzeko existitzen dira.

(Mahai gainean dagoen janaria agian orain ez dugu behar baina hemendik ordu batzuetara bai. Mundu honetan hauteman daitekeen guztiarekin berdin.)

II.23.: Hautemana izan daitekeen guztiak, edozein delarik ere eta edozein direlarik ere bere eraginak norbanako batengan, helburu nagusi bakarra dauka: kanpokoaren (ikusten dena) eta barrukoaren (ikusten duena) arteko ezberdintasuna argitzea.

II.24.: Hautematen duenaren eta hautemana denaren artean ezberdintzeko zailtasuna (edo argitasun falta) gaizki-ulertuen pilaketan datza.

II.25.: Gaizki-ulertuak gutxitzen direnean argitasunaren haunditzea ematen da. Hauxe da askatasuneranzko bidea.

 

Nola gutxitu gaizki-ulertuak? hurrengo atalean jarraituko dugu.

 

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: