Yoga sutrak II (1): hautemate garbiranzko eragozpenak.

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2021-10-17 19:48

Namaste.

"Patanjaliren Yoga Sutrak" liburuaren 2. atalak Saddhanapaddah izena du eta, bertan, adimena gradualki eta modu eraginkor batean, arretarik gabeko egoera batetik arretazko egoera batetara eramateko behar diren baldintzak deskribatzen ditu.

2.1.: Yogaren praktikak buruko eta gorputzeko ezpurutasunak garbitzen lagundu behar du. Gure burua aztertzeko gaitasuna garatu behar du eta, azken batean, egiten dugun guztiaren jabe ez garela ulertzen laguntzen digu.

2.2.: Beraz, praktika horiek, hautemate edo pertzeptzio garbia izateko ditugun eragozpenak kentzeko aukera emango digute.

2.3.: Honakoak dira eragozpenak: gaizkiulertuak, balore ilun edo nahasiak, gehiegizko atxikimentuak, zentzu gutxiko ezinikusiak eta ziurgabetasuna.

2.4.: Gaizkiulertua da beste eragozpen guztien iturburua. Eragozpen guztiak ez dira zertan denak batera agertu behar eta haien eragina aldakorra da. Batzuetan ezkutukoak eta ikusteko zailak izaten dira eta beste batzuetan oso erraz ikusten dira eta nagusitu egiten dira.

2.5.: Gaizkiulertuak, aztertzen ari garen objektuaren izaera, jatorria edo eraginari buruzko ulermen okerrera garamatza.

2.6.: Balore nahasia, adimenaren jarduera bat pertzeptzio zuzenaren iturburutzat hartzean gertatzen da.

2.7.: Gehiegizko atxikimentua, desiratzen dugun hori izateak betiereko zoriontasuna ekarriko digula sinestean datza.

2.8.: Gehienetan, zentzu gutxiko ezinikusiak, gaurko objektu edo egoerekin lotzen ditugun, baina, iraganaldian gertatu zitzaizkigun esperientzia mingarrien ondorio izaten dira.

2.9.: Ziurgabetasuna, etorkizunean zer etorriko den ez jakitearen larritasunak sortzen digu. Ezjakinari eragiten dio, baina baita jakintsuari ere.

2.10.: Eragozpenik ez dagoela dirudienean garrantzitsua da adi egotea.

2.11.: Eragozpenak agertzen direnean, hausnarketara bideratu zaitez, eragozpenen eragina txikitzeko eta beraien mende jar ez zaitzaten.

2.12.: Eragozpenek gure ekintzatan eta hauen ondorioetan eragiten dute. Ekintza gertatzen den momentuan eragin hori agerikoa izan daiteke edo ez.

2.13.: Eragozpenek dirauten bitartean zentzu guztietan eragingo diete ekintzari.

2.14.: Ekintza baten ondorioak mingarriak ala onuragarriak izango dira, ekintza egiteko momentuan eragozpenak egon edo ez egotearen arabera.

2.15.: Ekintza edo objektu baten eraginez sortzen diren ondorio mingarriak arrazoi desberdinen emaitza izan daitezke: hautemandako objektuan gertatutako aldaketak, esperientzia atsegin bat errepikatzeko desira edo/eta iraganeko gertakari baten eragin baldintzatzaileak. Hauetaz gain, norbanakoaren barruko aldaketek ere lagundu dezakete.

2.16.: Ondorio mingarriak aurreikusi eta sahiestu egin behar dira.

 

OM shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: