Yoga sutrak II (4): Yama (1)
Namaste.
"Yama" da Patanjaliren ashtanga yogaren 8 osagaietan aipatzen duen lehenengoa: gure ingurunearekiko ditugun jokabideak azaltzen ditu bertan. Yoga Sutratan horrela dio:
II.30. ahim.sasatyasteyabrahmacaryaparigrahayamah.
Yama barruan gure ingurunearekiko ditugun jokabide hauek balioesten ditu:
- Ahimsa: izaki bizidun guztiekiko begirunea eta batez ere gu baino egoera okerragoan daudenekiko, errugabeekiko edo larritasunen bat dutenekiko.
- Satya: hitz, idatzi, keinu edo ekintza bidezko komunikazio egokia.
- Asteya: ondasun-gosearen bazterketa edo gurea ez den horrekiko irrika menpean izateko gaitasuna.
- Brahmacarya: gure ekintza guztietan neurriz jokatzeko gaitasuna.
- Aparigraha: zekenkeriaren bazterketa edo nahikoa zenbat den jakin eta onartzeko gaitasuna.
Gaitasun hauek adierazteko dugun era edo ezaugarri hauek lortzeko egiten dugun bidea desberdina izango da gure kultura, gizarte maila, sineste, izaera eta gaitasun pertsonalen arabera.
Besteekiko dugun jarrerak gure adimenaren egoeraren berri ematen du, bereziki, adimen-argitasuna oztopatzen duten oztopoen berri ematen digu.
II.31. jatideshakalasamayanavacchinnah.sarvabhauma mahavratam
Besteekiko jokabide hauen onarpena konpromiso hutsak izatetik haratago doazenean, orduan bai, egoera atzeraezintasunera hurbiltzen da.
Jokabide hauen onarpena pixkanakakoa izango da. Alperrikakoa izango da egun batetik bestera horrela jokatzen hasi nahi izatea, ezingo baititugu jokabide hauek mantendu eta aitzakia bila ibiliko gara beti. Baina, jokabide hauen aurka ditugun usteak ezagutzen saiatzen bagara, iritzi horiek edukitzera bultzatzen gaituzten eragozpenak aurkitzen baditugu, gure jokabideak aldatuz joango dira pixkanaka-pixkanaka.
Eragozpenak txikituz joango dira eta besteekiko dugun portaera hobetuz joango da.
-------
"Yoga-Sutra de Patanjali" liburuaren T.K.V. Desikachar-en bertsiotik hartuta.
"Ahimsa" marrazkia www.shareyoga.com webgunetik hartuta.
Eskerrik asko.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: