"Bandhak" yogan: uddiyana bandha
Namaste.
Uddiyana Bandha sabelean egiten den uzkurdura muskular bat da, oso indartsua eta ikusgarria. Aurreko atal batean esan genuen bezala gorputzaren indarra edo prana bideratzeko erabiltzen dira bandha izeneko uzkurdura hauek.
Uddiyana Bandhak "goruntz hegan egin" esan nahi du.
Txilborraren azpikaldean hasten da aktibatzen eta urdaila, hesteak, diafragma eta baita urin gastrikoak ere mugitzen ditu. Sabela bizkarrezurraren aldera eramaten du eta goruntz igotzen du.
Bizkarrezurraren lerrokadura egokia lortzen du. Lunbar eta dortsaletako ornohezurrak egonkortzen ditu, sabela barruraka erakarriz, diafragma zurrupatuz eta birikak igoaraziz.
Uddiyana bandha egiterakoan sabela gora igotzen da toraxean hutsune bat sortzen delako. Kutxa torazikoa hedatzen saiatzen garenez baina momentu horretan hutsik dagoenez, hutsune bat sortzen da eta horregatik igotzen dira horrela zurrupatuta sabeleko organuak eta pareta bera ere.
Uddiyana Bandha sabela hutsik dugula praktikatzea gozagarria eta bizkorgarria da.
UDDIYANA BANDHA-RA IRISTEKO JARRAIBIDEAK
- Zutik, hankak zabalduta, belaunak tolestu eta eskuak izterretan jarriko ditugu (jarrera honetan egiten da errezen Uddiyana-bandha).
- Arnasa bota, ahalik eta gehien hustu arte (horrela diafragma igoko da) eta arnasbideak itxi. Kokotza jeitsi dezakegu pixka bat arnasbideak hobeto ixteko.
- Arnasik ez dugu hartuko baina gorputzak arnasa hartuko balu bezala jokatuko du, toraxa zabalduz eta sorbaldak igoz. Orduan sabela barrukaldera eta gorantz abiatuko da, bera bakarrik eta diafragma eta birikak ere gorantz igoko dira.
- Egon segundu gutxi batzutan arnasarik hartu gabe.
- Bukatzeko kokotza igo pixka bat, glotisa zabaldu eta hartu arnasa emeki emeki.
- Praktikarekin Uddiyana Bandhan egoteko denbora hazten joango gara, eroso egiteko moduan.
ONURAK
- Sabela, lunbarrak eta dortsalak babesten ditu.
- Sabeleko organoei masajea egiten die eta bertako odol zirkulazioa hobetzen du. Organu horiek zapalduta gelditzen direnean odola ateratzen da eta gero odol berria errazago sartuko zaio.
- Idorreria eta indijestiorako onuragarria da.
- Diafragma luzatzen du, bere posizio altuenekora eramaten du eta horrek arnasketatan lagunduko digu, arnas botatzea erraztuko du eta.
KONTUZ
- Presio altua baduzu, ultzerak, hiato hernia, haurdun bazaude edo hilerokoarekin, hobe ez egitea.
- Muskulu abdominalak ez dira uzkurtu behar, erlaxatuta utzi behar dira, bestela sabelaldeak ezingo du gora egin.
Bibliografia: yogainternational.com
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: