"Bandhak" yogan: Mula bandha

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2021-09-19 16:14

Namaste.

"Mula bandha"-k "sustraiko giltza edo itxitura" esan nahi du eta zoru pelbikoan kokatzen den uzkurdura muskular bati esaten zaio. Azken finean mudra bat da, gorputzaren posizio bat.

Mulabandharen ekintzak perineoa eta genitalak goruntz eramaten ditu eta ipurtzuloaren uzkurdura leun bat ere eragiten du.

Hasieran kosta egingo zaigu Mulabandha aplikatzea, mantentzea edo/eta sentitzea ere, baina, beti bezala, praktikarekin hobeto ezagutuko dugu eta asanetan edo pranayaman txertatzea lortuko dugu.

Berez, arnasa botatzen dugunean, azken pausotan, birikak ia hutsik daudenean Mulabandha geuk ezer egin gabe gertatzen da. Probatu ezazu.

 

MULA BANDHA-RA IRISTEKO JARRAIBIDEAK

Mulabandha zer den hobeto ulertzeko praktika txiki bat egingo dugu. 

1. Jarrera eroso batean, etzanda edo zutik, arnasa normaltasunez hartu eta zoru pelbikoko muskulu guztiak uzkurtu itzazu. Uzkurtu ondoren pixkanaka askatzen joan. Errepikatu hainbat aldiz. Ariketa honekin gure zoru pelbikoaren kontzientzia hartuko dugu.

2. Jarrera erosoan eta arnasa gozoki hartuz, oraingoan muskuluak bakarka estutuko ditugu. Lehenbizi, ipurtzuloko muskulua soilik uzkurtzen saiatuko gara. Uzkurtu eta ondoren pixkanak askatu. Errepikatu hainbat aldiz.

3. Jarrera erosoan eta arnasa gozoki hartuz, organu urogenitalen txanda da. Pixaren bidea itxi nahiko bagenu bezala uzkurtu muskulua eta ondoren lasaitu eta erlaxatu. Hainbat aldiz errepikatu.

4. Emakumeentzako ariketa: jarrera erosoan eta arnasa gozoki hartuz, oraingoan bagina uzkurtuko dugu eta ondoren pixkanaka uzkurdura askatu eta erlaxatu. Hainbat aldiz errepikatu.

5. Azkenik Mulabandhara iristen gara. Jarrera erosoan eta arnasa gozo hartuz zoru pelbikoaren erdian dagoen muskulua uzkurtuko dugu eta ondoren lasaitu. Hainbat aldiz errepikatu. Muskulu hori emakumetan ipurtzuloaren eta baginaren artean dago kokatuta eta gizonetan ipurtzuloaren eta zakilaren hasieraren artean. 

Mulabandha estutzen denean perineoa goruntz eta barneruntz sartzen da eta sabelaldeko behekaldea ere estutu egiten da. Uzkurdura honek sakroa eta bizkarrezurraren behekaldea babesten ditu.

 

ONURAK 

  • Ipurtestea inguratzen duten muskuluak indartzen ditu eta baita pelbiseko muskuluak ere. Muskulu hauek indartuta errazago menperatu ditzakegu organu sexualak, puxika eta hesteak.
  • Erditzearen ondoren zoru pelbikoa indartzen laguntzen du.
  • Ondeste edo ipurtestearen funtzionamentua hobetzen du eta hemorroideak ekiditen laguntzen du.
  • Mulabandha aktibo dugunean energia korrontea 1. txakratik goruntz joaten da.

Bibliografia:

- "Anatomía para el movimiento: el periné femenino y el parto". Blandine Calais-Germain. Ed. La liebre de marzo.

- "Yoga y perineo". Bernadette Gastineau. Ed. Obelisco.

www.makarandayogaonline.com helbidean Mulabandharen kokapena hobeto ulertzeko moduko marrazkiak aurkituko dituzue.

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: