Zumaian Udalak Hondakinen Batzorde Herritarra eratu du

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-06-23 18:58

Atzo (asteartea) egin zuten batzordea eratu eta prozesua adosteko bilera. Helburua, hondakinen kudeaketaren inguruan herritarrei informazio teknikoa helarazi eta hausnarketa bultzatzea izango da.

30 pertsona inguru elkartu ziren atzo Algorri Interpretazio Zentroan hondakinen inguruko gogoetan parte hartzeko. Udalak Hondakinen Batzorde Herritarra sortu eta bideratzeko asmoa erakutsi ondoren, egitasmoak aurreneko urratsa egin du. Atzoko bileran batzordea eratu eta prozesua adostu zuten: landu nahi zituzten gaiak zerrendatu eta egingo dituzten bisitak izendatu zituzten.

Herritarrek hondakinen inguruan zuten iritzia eta prozesuaz espero zutena kontatuz hasi zuten bilera, eta oro har, gehien errepikatu zen sentipena izan zen, gai honen inguruan informazio gutxi dagoela eta, bilerara informazio bila joan zirela.

Hala, Elhuyar Aholkularitzak proposatutako gaiez gain, interesgarriak ziren gaiak iradokiz osatu zuten prozesuan zehar landuko zuten gaitegia. Izan ere, hondakinen kudeaketa eredu desberdinak ezagutuko dituzte herritarrek prozesuan zehar, eta gero, hausnarketa egingo dute, bukaeran ondorioak ateratzeko. Ondorengoak dira, besteak beste, proposatu zituzten gaiak: konposta, bosgarren edukiontzia, atez ateko bilketa, errauskailua, hondakinak murrizteko politikak, ‘0 zabor’ ekimena, herritarren sentsibilizazioa, edota zergetan hondakinei dagozkien irizpideen inguruko hausnarketa. Horietatik hainbat lehenetsi zituzten herritarrek prozesuan zehar lantzeko. Hasiera batean, hala ere, Zumaiako egoera aztertzetik abiatuko dira.

Hurrengo hitzordua irailaren 11n

Prozesuaren abiapuntuak finkatuta, irailean ekingo dio berriro Hondakinen Batzorde Herritarrak lanari. Iraila eta azaroa bitartean garatuko da hausnarketa fasea, lau bat hitzaldi/bisita egingo dituzte, eta atzoko bileran finkatu zuten hurrengo bilerarako data: irailaren 11n izango da, goizeko 10:00etan. Lur Etxeberria Elhuyar Aholkularitzako teknikariak azaldu zuenez,  “batzordeak irekia izaten jarraitzen du, eta, beraz, interesa duten herritar guztiak azaldu daitezke irailean egingo dugun bilerara”.

Hausnarketa fasearen ondoren, abenduan, prozesuaren balorazioa egingo dute eta hausnarketatik ateratako ondorioak garatuko dira, gero ordezkari politikoei aurkeztu ahal izateko.


Utzi iruzkina: