Debagoieneko Mankomunitateak atez ateko bilketaren alde egin du

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-06-18 09:27

Debagoieneko Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak oniritzia eman dio, aho batez, hondakinak atez ate biltzeko egindako proposamenari -Aralarreko, EAJko eta ezker abertzaleko ordezkariak batzen dira ingurumen batzordean, baita hautetsi independente bat ere-. Heldu den astelehenean bilduko da mankomunitateko Gobernu Junta, eta orduan hartuko du atez atekoa ezartzeari buruzko behin betiko erabakia. Ingurumen batzordeak eskualde osorako eman du erabakia, baina proposatu du legegintzaldi honetan Antzuolan eta Elgetan hastea atez ateko bilketarekin. 2012 edo 2013rako mankomunitateko zortzi herrietara zabaltzea lortu beharko litzatekeela ere adierazi dute batzordeko ordezkariek. EAJko ordezkariak nabarmendu du ez dagoela atez ateko bilketaren aurka, baina nahiago duela bosgarren edukiontzia; nolanahi ere, ez du proposamenaren aurka egin. Ekainaren 9an eman zuen baiezkoa batzordeak; baina apirilaz geroztik mahai gainean eduki du atez ateko bilketari buruzko txosten bat. Jordi Colomer eta Jon Kortabarria teknikariek egin dute azterketa hori, jakiteko eskualdean atez atekoa jartzeak zer eragin izango lukeen, eta ondorio argia atera dute: atez atekoa ekonomikoki eta ekologikoki bideragarria eta gomendagarria dela ondorioztatu dute. Atez ateko bilketarekin, eta etxean konposta egitearekin, teknikariek kalkulatu dute mankomunitateak 930.000 euro aurreztuko dituela 2010etik 2016ra.

Herria

Biztanleak

Antzuola

1.900

Aretxabaleta

6.300

Arrasate

23.166

Bergara

15.075

Elgeta

960

Eskoriatza

3.921

Leintz-Gatzaga

243

OƱati

10.780

GUZTIRA

62.345

Colomer eta Kortabarriak nabarmendu dute etxean konposta egitea osagarri garrantzitsua dela atez atekoarentzat, hondakin kopurua murrizteko. Industria atez ateko bilketan sartzea eta zabor gehiago sortzen dutenek gehiago ordaintzea ere proposatu dute. Horrekin batera, Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen egiten den legez, etxean konposta egiten dutenei hobariak jartzea eta zaborraren tasak %10 eta %40 artean gutxiago kobratzea ere proposatu dute.

4,3 milioi euroko kostua izango luke Debagoienan atez atekoa ezartzeak, teknikarien esanetan; orain bertan zaborraren tasekin kopuru hori baino 145.000 euro gutxiago biltzen direla azaldu dute eta, hortaz, bideragarri ikusten dutela atez atekoa ezartzea. Txostenean nabarmendu dute, bestalde, Debagoieneko herritarrek elkartasun tradizioa, kooperatibismoaren ezagutza eta ingurumen kontzientzia dituztela; atez atekoa ezartzeko, baldintza egokitzat jotzen ditu horiek. Gipuzkoako birziklatze ehuneko altuenetakoa du Debagoienak: hiri hondakinen %32 inguru bereizita biltzen du. Baina, mankomunitateko ordezkariek diotenez, gelditu egin da ehuneko hori, eta ez du gora egiten. Horregatik eskatu zuten, hain justu, atez ateko bilketari buruzko txostena, bilketa selektiboa eta birziklatzea handitzeko helburuarekin.

100.000 gipuzkoar

Egun Gipuzkoako hiru herritan biltzen dira hondakinak atez ate: Usurbilen, Hernanin eta Oiartzun. 36.000 herritar inguru dira, hortaz, bilketa sistema hori dutenak. Aurreko astean beste bost herrik iragarri zuten atez atekoa ezartzeko asmoa: Amasa-Villabona, Aduna, Alegia, Anoeta eta Ikaztegietak. Debagoieneko zortzi herriek bat egingo balute, 100.000 herritarren baino gehiagoren hondakinak bilduko lirateke atez ate Gipuzkoan.






Utzi iruzkina: