Debagoiena osoan atez ateko bilketa jartzea erabaki du mankomunitateak

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-07-06 09:43

Debagoieneko zortzi herrietan atez ateko hondakinen bilketa ezartzea erabaki du mankomunitateak, aho batez. Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñati batzen ditu Gipuzkoako mankomunitate horrek -62.000 pertsona inguru bizi dira bertan-, eta hondakinen bilketa sistema epeka ezartzea adostu dute.

DEBAGOIENEKO MANKOMUNITATEA

Herria Biztanleak Eremua
Antzuola 1.900 29,70 Km2
Aretxabaleta 6.300 26,96 km2
Arrasate-Mondragon 23.166 34,20 Km2
Bergara 15.075 77,05 km2
Elgeta 960 16,96 km2
Eskoriatza 3.921 40,41 km2
Leintza-Gatzaga 243 14,72 km2
Oñati 10.780 108,22 km2

Mankomunitatearen erabakiaren ostean, udalek onartu beharko dute atez atekoa jartzea; mankomunitateak berak hala proposatuta. Antzuola izango da eskualdean sistema ezarriko duen lehen herria. Bihar bilduko da Antzuolako osoko udalbatzarra, eta Pedro Iturbe alkateak espero du aurrera egingo duela erabakiak.

Eskualdeko gainerako herriak epeka hasiko dira atez atekoarekin, mankomunitateko gobernu juntak atzo erabakitakoaren arabera. Pare bat urtean, eskualde osoan ezartzen amaitzea espero dute mankomunitateko ordezkariek. Antzuola hasiko dela erabaki badute ere, gainerako herriak noiz hasiko diren, plangintza zehatza, irailean aztertu eta erabakiko du mankomunitateak. Atez atekoa ezarri aurretik hainbat azterlan egin ditu mankomunitateak; horietako baten arabera, hiru multzotan banatu dira eskualdeko herriak, eta mankomunitateko ordezkariek aurreratu dute multzokatze horren arabera joan litekeela atez atekoaren ezarpena. Antzuola, Elgeta eta Bergara daude lehen taldean; Eskoriatza, Aretxabaleta eta Leintz-Gatzaga bigarren taldean daude; eta Arrasate eta Oñati daude hirugarren multzoan.

Pedro Iturbe Antzuolako alkateak pozez hartu du erabakia: «Azkenean atzeratu egin da erabakia, aspalditik ari ginen itxaroten, baina garrantzitsuena da bide bat markatu dela». Atez atekoa eskualde osoan jartzeko erabakia aho batez hartu izana ere nabarmendu du Iturbek.

Orain arteko txikiena

Asteazkenean udalak erabakia berresteko arazorik ez du espero Antzuolako alkateak; hala bada, irailean lanean hasiko litzateke udala, herritarrekin parte-hartze prozesu bat eginez, «atez atekoa zer den esplikatzeko». Hiru bat hilabetean bilketa sistema ezartzeko beharrezko diren urratsak egin eta, urtea bukatu aurretik, hondakinak atez ate biltzen hasteko moduan egon liteke Antzuolako Udala, Iturberen esanetan. Gipuzkoan atez ateko bilketa egingo duen laugarren herria izango da Antzuola, eta orain arteko txikiena: 1.900 biztanle inguru ditu herriak.

Atez ateko bilketak birziklatze mailan «eragin handia» izango duela uste du Antzuolako alkateak. «Ikusi dira Usurbilen, Oiartzunen eta Hernanin lortzen ari diren datuak; aldiz, Debagoiena iritsi da topera, ez du gehiago ematen». Iturbek dio «erronka potoloa eta erronka polita» izango dela: «Ea poliki-poliki Gipuzkoa osoan zabaltzen den, errauste planta janari gabe uzteko. Gipuzkoan ez da errauste plantarik behar, eta alternatibak badaude».


Utzi iruzkina: