Argazkilaritza, idazketa eta artea. Ariketatxo bat.

ustearenorbanak 1456153527363 Ustearen orbanak | 2012-06-04 11:33

Argazkilaritza artea den ala ez betiko eztabaida bat izan da.  Iruditzen zait ordea, argazkilaritza arte gisa zer den ez dela inoiz argitua izan.  Zertan datza argazkilariaren genioa? Ba al da halakorik? Zertan datza argazkilaritzaren artetasuna? 

Galdera hauei erantzuteko saiakerak izan dira, zuzenekoak eta zeharkakoak, galdera bete-betean erantzuteko saiakerak, edo albotik jotzen dutena.  Roland Barthes, Susan Sontag dauzkat orain gogoan.  Baina galderak zutik dirau: Zertan datza argazkilaritzaren artetasuna?  Zer du argazkilaritzak berezkoa, arte gisa, besteengandik bereizten duena? Zer da komunikatzen, sortzen dena argazkiaren bitartez?

Saiatu nintzen ni jolas gisa, nire baitako hausnarketan, gaiaren azterketarako bideren bat irekitzen, idazketarekiko analogia batekin hasiz. Konparaketa honek berezko izanbidea du, besterik ez bada ere, fotografía hitza argiaz idatzi esan nahitik datorrelako.

Geure buruari idazketa zer den galdetzen badiogu, bistan da berez komunikazio teknika bat dela, eta teknika horrek balizko erabilera asko dauzkala. Artea sortzea da, noski, erabilera horietariko bat: saiakeraz, poesiaz, nobelagintzaz, eta baita akaso kazetaritzaz ere. Argazkilaritza ere teknika bat da berez eta askotariko aplikazioak izan ditzazke, artea barne.  Honaino behintzat heldu gaitezke, galdu garelako susmorik izan gabe.

Hor amaitzen dira tamalez antzekotasunak. Argazkia bera, edozein argazki, mundu-zati baten irudikapen material zuzen bat den heinean, berez gauza estetiko bat delakoan nago, inpresio estetikoa bait bat da sortzen duen lehenengo eta berezko eragina: ezin da ulertu irudiaren izana, gauza estetikoa dela ulertu gabe.  Ez da berdin gertatzen ordea idazketaren kasuan, gure mendebaleko kulturan behintzat, idatzia edo testua bera ez bait da berez objetu estetikoa.  Egia da, eta gauza jakina da, ekialdeko kultura askotan idazketa bera jarduera estetikotzat jotzen dela, baina, kultura horiek gaizki ezagutzen ditudala, esango nuke hori idazketa ulertzeko era posible bat dela, kulturalki landua, idazketaren beraren garapen posible bat, baina ez da, bistan denez, idazketaren definizio unibertsal bat.

Idazketa zeinu bidezko komunikazioa da.  Espresiobidea zeinuek berek mugatzen dute.  Zeinua da materialki idazten dena, zeinu horien bidez zernahi esanahi adierazteko, eta, mendebaldeko idazkeran behintzat, zeinuak berak ez du aparteko balio estetikorik.  Zeinuen konbinaketa jakinen bidez lortzen da komunikatzea, konbinaketa libre baina mugatuen bidez: poesia dela, legeak direla, edota eguraldiari buruzko informazioa dela.  Konbinaketa librea izateak hau esan nahi du: idazleak konbinatzen dituela nahi bezala;  nahi horrek ordea mugak dauzka: idazketak bere arau propioak ditu, eta ezin zeinuak edonola antolatu eta elkartu; beti konbinatuko dira adierazi nahi denaren arabera, idaztarauek agintzen dutenari begira.

Hortaz (Apollinaire eta antzekoen saiakera ahaztuak alda batera utzita) ez da testua bera, bere materialtasunean, miresten, deitoratzen edota epaitzen duguna, testuaren esanahia baizik.  Pentsa bestela, ezagutzen ez dugun alfabeto batean idatzitako testu batean: besterik gabe, ezin dugu ezer esan hor idatzita dagoenari buruz.  Gure epaia begien aurren dauzkagun zeinuak estetikoki atseginak zaizkigun ala ez esatera mugatzea beste aukerarik ez daukagu.  Liburu bat irakurtzen ari garenean ordea, liburua bera ederra den ala ez, orrialdea eta zeinuak atseginak zaizkigun ala ez, guztiz bigarren mailako kontuak dira, irakurketaren plazer estetikoa esanahietan bait dago, ez testu materialean.

Idatzizko artea, beraz, arte eratorria da, bigarren mailako artea, arte horrek adierazpide gisa duen objetu materialarekiko harremanean pentsatzen baldin badugu.  Hasieran planteatu den bezala, teknikaren eta teknikaren erabilera artistikoen artean badago bereizketarik egiterik, oso oinarrizkoa eta argia den maila batean.

Esan gabe doa, argazki oro artea dela esatea gehiegizkoa dela, baina, arestian esan bezala, argazkiak, edozein irudik bezala (sinbolo huts ez den edozein irudik bezala), berezkoa du estetikotasuna (artearen funtsezko ezaugarri bat), idazkera batzuek bakarrik dutelarik ordea ezaugarri hori.  Estetikotasunak argazki eta irudi oro bustitzen edo zipriztintzen du, edozein dela ere argazkilariaren asmoa.  Ezaugarri hau dela-eta zailagoa da argazkilaritzan idazketan baino, jardun artistikoak jardun ez-artistikoetatik bereztea.

Hari honi jarraituz, Susan Sontag-ek bikain azpimarratu zituen on photography saiakeran argazkilaritzak berezko dituen hainbat bialdekotasun edo anbibalentzia.  Horietariko bat aipatzearren, edozein argazkik duela, denborarekin, artelan konsideratua izateko gaitasuna (“argazkia” objetuak berezko duen estetikotasunagatik, alegia); eta, beste bat: argazkikak eskeintzen duen argazkigaiarekiko gertutasuna, eta, era berean, suposatzen duen urruntasun objetiboa.  Hirugarren bat: argazkiak betirako finkatzen du, memoriaren mesedetan, ikusmenari dagokion errealitate fisiko bat.  Baina bada hortan desitxuraketarik ere: enkoadrea, argia, argazkia ateratako uneak eta ateratako erak memoria hori baldintzatuko du, errealitate fisiko horren beste ezaugarri batzuk -ezaugarri fisikoak barne- ahantzarazten lagunduaz.   Susan Sontag-ek ordea, bikain aztertuta ere, ez du bialdekotasun guzti hauen gaineko azalpenik: fenomenoaren konstataziora mugatzen ditu bere hausnarketak, zergatien bidea urratu gabe.

Bestalde, arteaz ari garela, idazketarekiko konparaketak irekitzen du beste hausnarketa biderik: Argazkilaritza artistikoa definitu al daiteke era bakarrean, ala, bestera, argazkilaritzak arte mota ezberdinak sortzen al ditu (edo sortu ahal ditzazke)? Txatxukeria postmodernoak alde batera utzita, badakigu zer den saiakera bat, badakigu zer den poesia, badakigu zer den nobelagintza.  Poesiaren solipsismoaren, eta nobelagintzaren bestearekiko aurkiuntzaren arteko alde ontologikoa paradigmatikoa da, zentzu honetan. Jarduera hauetariko bakoitzak izan estetiko eta artistiko berezko eta propia dauka. Argazkilaritza artistikoa zer den baina, ezin izan du orain arte inorrek definitu. Baliteke ezinezkoa izatea, agian, galdera bera gaizki eginda dagoelako.  Idazketa-arteen eredua jarraituz, asmo artistikodun argazkilaritza praktiken izenetik argazkilaritza hitza kentzeak, eta izen berriak asmatu edota besterik gabe, beste izenen bat jartzeak (izen propio bat praktika jakin bakoitzarentzat), lana erraztuko luke.  Izena, dena den, izan bati jarri behar zaio: esistitzen al da izan hori? Ez dut nik ezagutza nahikorik argazkilaritzaren historiari buruz, galdera honi erantzunik emateko.

Bukatzeko, bi ohar: argazkilaritzaren praktika arte gisa ulertzeko bideak Susan Sontag-ek azpimarratutako bialdekotasun horien argitzearekin zerikusi handia duela uste dut.  Bide horretan batuko lirateke, besteak beste, argazkilaritzak komunikazio edo adierazpide gisa eta ikus-memoria mota jakin baten gisa dauzkan funtzio eta erabilerekin.  Azken finean, gizakiok sortzen ditugun gailuen bialdekotasunek gizakiok geuok berezko dauzkagun bialdekotasunen ispilu eta luzapena besterik ez dira izaten, askotan (adibidez: energia atomikoaren alde onuragarri eta beldugarriak).  Baliteke, hortaz, argazkilaritza pentsatzea gizakia pentsatzeko beste era bat besterik ez izatea.  Edo, beste era batera esanda, gizakia pentsatzetik heldu gaitezkeela argazkilaritza (artistikoa eta ez artistikoa) ulertzera.

Baina, agian, argazkilaritza ulertzen saiatu aurretik, irudi materialaren antropologia ulertzen saiatu beharko genuke.  Argazkia ez bait da, azken finean, irudiaren azpikategoria bat besterik, forma posibleetako bat.  Irudiaren ulermen atropologikorik gabe nekez esango dugu ezer benetakorik argazkiari buruz.  Honako hau hipotesi gisa behintzat esan daiteke.




Utzi iruzkina: