mind mapper
Erropa zikinez betetako motxila bizkarrean eta portatila sorbaldatik zintzilik ezinean egingo duzu autobus geltokirako bidea. Eta agian ez zara bakarrik egongo, lagun batekin joango zara geltokira. Zebra bidean muñekitoa berde jarri zain zauden bitartean gizon bat jarriko zaizu ondoan, bera ere maleta batekin egongo da. Goitik behera begiratu eta “que nos vamos de vacaciones” esango dizu. Zuk ezetz esango diozu, ez zoazela oporretara, etxera itzuliko zarela esango diozu. Nongoa zaren esaten diozunean, poztu egin dela ematen du eta euskaraz ba al dakizun galdetuko dizu, zuk, noski, baiezkoa esango diozu. Bere poztasuna areagotu egiten dela irudituko zaizu eta euskarari buruz hitz egingo dizu (beti ere beste hizkuntza batean) berak euskara ikasi nahi duela, baina G hiria ez dela leku aproposa ‘maketo’ gehiegi dagoela esango dizu, hori eta neska euskaldun bat nahi duela.
Esango dizu berak ez duela ikasi euskaraz ez duelako PNV-koa edo EH-koa izan den familiakorik. Esango diozu ez duela horrek zer ikusirik euskara jakitearekin, baina tira... holako jendea ere badago mundu hontan...
Konfiantza hartuz joango da zu(r)ekin eta bere bizitza kontatuko dizu(e), esango dizu(e) ingeniaritza ikasi zuela baina perituak harroputzak eta pertsona txarrak direlako ez zuela karrera gustura egin. Horregatik ez du lana ingeniari bezala egiten, ‘mind mapper’ dela (baieztatuz gainera, mapper bi p-rekin idazten dela), ingeniaritza ikasi eta buruen mapak egiten dituela esango dizu...
Autobus geltokian, autobusaren zain zaudetela bere telefono zenbakia ere emango dizu berarentzako moduko neska euskaldun bat bilatzen baduzu abisatzeko, zuk zurea ere emango diozu, konpromisoz bada ere. Autobusa iristean eta bakoitzak berea hartzean, zure lagunak esango dizu begietara begiratzeagatik hasi dela hizketan, baina zuk ez zenekien begietara begiratze hutsak hainbesteko garrantzia zuenik...
Handik ordu batzuetara sms bat bidaliko dizu: ponme anuncio n l facul: “hombre españolista busca euskal emakume para forjar entendimiento en las vascongadas”
Eta agian hau dena asmatutako istorio bat da, nork daki, agian bakarrik egin zenuen autobus geltokirako bidea, eta agian ez zinen autobus geltokira joan, baizik eta tren geltokira... baina azken aldian, badirudi modan daudela G hiriko eta autobus geltokiko istorioak...
Iruzkinak
Ari 2008-06-13 23:14 #1
eta telefonoko zenbakia ematerakoan esango dizu David Fernandez deitzen dela, Eurovision-en "El Txiki-Txiki" abestuko duena bezala eta dudan jarriko zaitu, momentu batean zure buruari benetan bera ez ote den galdetzen diozun bitartean...Ikustekoa da ze lanbide arraroak dauden gaur egun! Mind mapper...eta harro!

Nire nebien partez: oso ondo idazten dozu!

Utzi iruzkina: