14.astea Entsegu ugari

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2013-01-27 18:37
1

Sinestezina badirudi ere, Urtarrila bukatu eta Otsaila hasiko da, konturatu orduko. Elurra eta izotza, izotza eta hotza, hotza eta elurra. Hori da egun batean bai eta bestean ere, nagusi izaten dena. Hasieran ez geunden horretara oso ohituta, baina egia esan, eta gizakia mota guztietako inguruari moldatu daitekeen animalia dela kontutan harturik, gu ere dagoeneko egokitzen hasiak gara.

Badago alde on bat behintzat, izan ere gure bertako lagun batek esan bezala, tenperatura hauekin bakteriak eta izaki zelulabakarrek ere nekez bizirauten dute eta beraz, gripe eta katarro moduko gaixotasunak zailagoak dira hartzen. Ez dakigu hori horrela izango den, baina badaezpada egurrez egindako mahaia ukitzen ari naiz idazten nabilen momentu honetan.

 

Komenigarria izaten da, eguraldiari nazka eta higuina hartu beharrean, bere adiskidea izatea eta berak eskaintzen dituen plazer txikiez gozatzea. Pertsonalki, hankarekin zentimetro bateko izotz kapa apurtzea eta gordeta dagoen elurra agerian uztea, “Amelie” pelikulan deskribatzen den moduan, eskua dilistaz beteriko zaku batean sartzearen sentsazioarekin parekatu ahal da.

 

Jakina da, Txekiako garagarra munduko onenen arteko sailkapeneko lehengo postuetan dagoela. Guk ere, egarria asetzeko, urre kolore eta zaporezko likidoa dastatzeko aukerak sarritan aprobetxatzen ditugu. Konparaketak sekula ez dira onak izaten, baina “pivo”, “piva” eta “piv” arteko kontu kontaldietan, beti galdetzen diogu gure buruari ea zer izango ote den Euskal Herriko taberna edo elkarteetan txekiar zerbeza dastatzea. Hori lortzeko, aukera ezin hobea suertatu zaigu aste honetan!. Ostiral honetako goizean gure lantegitik Igorrera oso karga gutxi zuen kamioi baten bidaia zela eta gure herrira hemengo produktu nazionala esportatzea pentsatu dugu. Astelehen goizean, Igorren lan egiten duen, Agirre jaunak izango du gertakari honen berri!


Musika, gure eguneroko bizitzan oso garrantzitsua da eta hala izaten dabil, hementxe ere. Astearte arratsaldean, Frydlant nad Ostraviciko bandako entseguetara hurbiltzera animatu nintzen azkenean. Beraz, orain baketak gogoz heldu ditudala esan nezake; lehen musika taldeak faltan izatetik, orain bietara joatera pasatu bainaiz. Ez da oso banda gaztea, izan ere jubilatu eta erretiratuak dira bertako partaide gehienak. Hala ere, giro ona, umorea eta alaitasuna nabarmenak direla froga dezaket, entsegu lokalera sartuaz bat txupito bataio eta guzti egin baitzidaten. Itxura denez “ondo jotzeko, tragoxka bat hartzea beharrezkoa da gorputza berotzeko”.


Gure kontakizunekin jarraituz eta musika alde batera utzi gabe, Fridek-Mistekeko bandarekin egin dugun asteburuko entsegu-kontzentrazioari buruz hitz egitea beharrezko da. Hukvaldy herri eskolan igaro dugu asteburua, bertan entsegu ordu asko, algara ez gutxi eta garagardoren batzuk tartekatu ditugu.

 

Azpian ikusten den amuarrain multzoa ez da animalia denda batean ateratako argazkia. TESCO izeneko 24 ordutan / 7 egunetan zabalik dagoen supermerkatu baten ateratako irudia da eta, itxura denez, bertan arrain hauek ezin baino fresko eta biziago saltzen dituzte. Etiketan jartzen duenez, 180 txekiar koroen truke (7,20 euro), “iraungitze data” duen maskota eraman dezakezu etxera.

 

Hau izan da guztia. Hurrengoan gehiago eta hobe! Goraintziak azken aste hauetan paperak pasatu dituztenei! Eta Aretxabaletako “kabina koadrilari”! Eta munduko (eta batzuen ustez historiako futbol talde garaiezina, menderatu duen taldeko jarraitzaileei! Eta…

PD: Inauteri eta aratuste festen usaina sumatzen dugu honezkero. Hasi al zarete mozorroa prestatzen?

BOU

Cave canem

Cave canem 2013-01-27 21:56 #1

Arrasatetik, mozorroak prestatzen... STOP Axterix bai baina OBELIX? STOP TIntin bai baina Milou???? STOP Mortadelo bai.... STOP eta CLOSE


Utzi iruzkina: