13.astea Mundua zuri-beltz bihurtzen denean

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2013-01-20 21:53

Aste hau, urteko lehenengo aste osoa, izan den hau, berezitasun gutxirekin igaro da. Ohiko musika ensaioak berriz ere hasita eta laneko erritmoa hartuta. Gabonetan Euskal Herrian izan genituen egun paregabeak gogoan, hemengo negu hotz eta ilunera itzultzea ez da batere goxoa.

Gainera BOU paperekin egonik, barixakurarte etxean egon zen (zorionez osatu da) eta nik bakarrik egin behar izaten nituen autoa martxan jartzeko eguneroko lanak; izotza rasketaz eta elurra zepilloz kendu, kotxearen gaineko estalkia eta haizearekin borrokatu…

Hala ere, asteburuan izaten da gauza interesgarriak egin eta gozatzeko aukera. Mendira joateko afizioa ezaguna da ingurukoen artean eta hemen ere txekiar askok duten ohitura denez, eguraldiak lagatzen duenean, zer hoberik mendi-buelta bat ematea baino.

Asko dira fondoko eskia praktikatzen duten txekiarrak, egia esan aldapa labur samarrak daude eta eski estazioak nahiko txikiak dira. Hala ere ondorengo irudietan ikus daiteke egun desberdinetan Opalena eski estazioan hartutako irudiak.

Mendiko ermita eta inguruko tabernatxoetan ere giro ederra egoten da asteburu goizetan.

Pagadiak udazkenetik negura, demaseko aldaketa izaten dute.

Zaldiak ere jazten dituzte txapel eta guzti, baina denak ez.


Perretxikoak ere ez dira libratzen elurretatik.


Mundua zuri-beltz bihurtzen da elurrarekin.

Bestetik zapatu gauean afaria izan genuen etxean lantegiko lagun batzuekin. Gure gazta, urdaiazpiko, atun eta olagarroa jarri genien eta baita Etxeko patxarana eta kafe likorea. Izugarri estimatu zuten, hasieran olagarroak erreparoa ematen bazien ere, azkenean gehienek behintzat gustura jan zuten. Beraiek esker onez, etxean egindako tlačenka, škvarky, paštika eta Moraviako ardo zuria eta beste edari batzuk ekarri zituzten.

Afalostean kinito-partxis jokaldia ere izan genuen eta beste joku batzuk ere bai, soziedadean kartetan egongo bagina bezala!


Sanantonak, Sansebastianak eta Errealak Barçari irabazi izana ezin komentatu barik laga. Mauxitxa Txarangako lagunak honezkero nahikoa jota egongo dira, eguraldi eskasarekin baina pozik. Hurrengo urtean hor egongo naiz Aizepekoekin bazkaltzen.

Balego balego, txuletia patatekin, balego balego, jango nuke nik!

BKU


Utzi iruzkina: