Ura bizitza da

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2015-01-20 00:54

Timlawlaouine gelta (putzua), Tamanrasseten

Timlawlaouine gelta (putzua), Tamanrasset-en

 

 

 Auskalo nondik etorri zaigun, hainbeste urtetan jarraian, goraka baino egin ez duen erregai preziatuen prezioaren jaitsiera. Pozez zoratzen gaude mendebaldekoak, urre beltzarena ezin ulerturik, ezin sinetsirik.

Krisiaren erresuma erdian, sekulako pagotxa!

Oasia basamortuan...

Tarta puska gozo hau dastatzen gauden unetik, eta lekutik urruti baina, badira egoera oso desberdina bizi dutenak. Konturatzeke, gure aurkiaren ifrentzuarekin, tupust egin dutenak.

Aljeriako handi mandiek, petrolioaren salneurriaren beherakada ikaragarria medio, beldurrak airean, zulagailu zaharrak hartu, eta lehen ere makina bat aldiz bortxatua izan den tuaregen basamortua hausteari, ekin diote.

Eskisto-gasa dute amets oraingoan. Petrolioaren balioaren bat-bateko gainbeherak sortutako amesgaiztoen kontrako erremedioaren bila ari dira, buru-belarri.

Basamortukoak ezin baina sorgor gelditu halako lotsagabekeriaren aurrean. Ura, hain urria, eta mortuko benetako altxorra dena, nola utziko dute bada, halabeharrez eskisto-gasa lortzeko, pozoi hilgarria diren produktu kimikoekin nahasten, kutsatzen, eta betirako galtzen.

Hilaren 1ean, In-Salah-n atera ziren kalera, haserre, lehen aldiz mortukoak. Eta 15ean, lepo bete zituzten Tamanrasset, eta Ouargla-ko kaleak. Deiadar ozenak aireratu zituzten, basamortuaren berezko birikak diren, oasi ederrotan barrena: “gure lurra garbi, eta eder nahi dugu!”, “ingurune osasuntsua aldarrikatzen dugu!”, “ura babestu nahi dugu!”. AMAN IMAN, AMAN IMAN...

 

 

 


Utzi iruzkina: