Timbuktu
Timbuktu hondarretatik hazi zen. Eurek ornitu zuten edertasunez, jakintsuen jakituriaz, eta baita ere ondoz ondoko gobernu lehiez.
Bere ospeak, helmuga bihurtu zuen mendebaldekoentzat, eta bere izatearen jakitun, bere misterioaren bila, bizitza arriskuan jarri zuen batek baino gehiagok.
Hiri boteretsu, eta erosoa izan zen. Gaur egun ere erakargarria, eta zalapartatsua da.
Goizero, hiruzpalau haur atzetik, hiri zaharrera igotzen naiz. Haurretariko batek, Mahmud-ek, larrua, eta zilarra lantzen dituen bere osaba artisauaren lantegira eraman nau. Eraikina ilunpean dago. Gizonek, patio bat zeharkatzen dute lantegi batetik bestera igarotzeko, bitartean te-kikarak, zilarrezko erretiluan, eta beira berde koloreko edalontzietan zerbitzatzen dituzte. Nire anfitrioiak, Timbuktuko gurutze ezagunaz apaindutako lepoko batzuk erakutsi dizkit, gurutze bat daukate metalezko gurpil baten barruan, eta larru beltz puska zahar baten gainean daude josita.
Kanpoan, orma baten kontra, turbante urdindun gazte koadrila bat, nire zain dago.
Kalea zeharkatu aurretik, inguruan ditut, edozer saltzeko prest: lepokoak, ezpatak, gau bat basamortuan “benetako” tuaregen kanpamentuan, argazkia euren dromedario gainean...
Segidako goseteek, eta Maliko gobernuaren aldetik pairatzen duten erabateko utzikeriak, tuareg asko miseria osora kondenatu dituzte. Zeukaten apurra saltzera behartuak, turismoan ikusten dute bizirauteko heldulekua. Kafetegi batera sartuz, eurengandik alde egiten saiatu naiz, guztiz zaharkitutako zerbitzari-uniformedun agure batek uxatu ditu gazteak azkenean. “Mutil onak dira” -esan dit- “baina hemen ez dago zeregin handirik, eta ez dira dagoeneko basamortuan bizi”.
Ordu beroenen ostean, pasabide estuetan zehar ibiltzea atsegin dut, eta Djinjereber meskita zaharraren aurrean esertzen naiz gero, ilunabarraren zain.
Antonio Cordero Sanz “La gran travesía del comercio y las creencias” Altaïr aldizkaria 51zenb, 2009
Iruzkinak
Utzi iruzkina: