Hain gurea den euria
A. Tambo. Izenbururik gabea
Zaparradaren freskurak, hain gurea denak, dotoretu dizkigu gaur ere mendi, eta itsaso bazterrak. Biziberritzen duen ura, herrixketan, hirietan, erreka bazterretan, gereziondoetan, sandalietan... eguzkitako betaurrekoetan, trenbideetan, bankuetan, hondartza hondarrezkoetan...
Aurten, baina, berandu dator euri sasoia Niger iparraldera, nomaden lur eremuetara. Egarriz daude Agadez inguruak, euri ezak beldurrez jantzi ditu bazterrak, eta tristuraz blaitu kel_tamasheq, eta peul abeltzainen ahuntz, ardi, gamelu, asto, eta behi bakan zimelen prozesioak.
Animaliak baino mamuak dirudite, mortuko hauts lehor artean noraezean dabiltzan mamuak. Hil-hurren, hezur huts, indarge, begiak ero, han-hemenka dabiltza.
Eta animaliekin batera, ezinaren beloetan bildurik, prozesio tristeok itxiz, euren zaindariak doaz, hil-hurrenago, hezur hutsago, indargeago, begiak eroago... zeruari, hodei beltzen baten bila desesperazioz begira.
Gaur, hain gurea den euria ari du.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: