Saioaren Natura edo goierritarroi harro egoteko aukera eskaini digun diska

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2013-03-09 16:47

Entzuten ditudan euskal taldeez hitz egitean nire herritik kilometro dexentera jauzi egin beharra izaten dut normalean. Bidasoa aldera gehienetan eta Azkoitira gertuenera. Horregatik, ohikoa dena baino poz gehiago sortzen du nire barrenean Saioa bezalako kantari batek halako diska puxka bat kaleratzeak.

Beasainen jaio zen Saioa 1978an baina Legorretan egin du bizia eta bertakoa da. Goirritarra da tio! Ormaiztegin Amen, Geroh edo Leher bezalako taldeek sortutako mugimendua amaitu ostean, goierritarrok ez dugu harro egoteko kantari edo talderik izan eta lehortutako lur eremu batera bizia ekartzen duen euri tanten moduan espero genuen “Natura” bezalako lan bat.

Particular Land” debut diskarekin ezagutu nuen Saioaren musika gordin zein indartsua eta ez naiz hipsterkerietan ari ez horixe! Sekula ez naiz izan “Bai, nik lehen diskatik ezagutzen nuen”, “Hasieran autentikoagoa zen” edo “Bell & Sebastianen bibolinjolearen bakarkako ibilbidea noiz hasiko zain naiz” bezalakoak esateko zalea.

Kasualitatea izan zen Saioa Legorretarra ezagutzea nahiz eta etxetik zortzi kilometro eskasera izan dudan. Bitxia izan zen lehen diska hark nire esku artera iristeko egin zuen bidea. Saioaren amak eta nireak batera lan egiten dute eta horrelaxe izan nuen Legorretako neska batek diska bat kaleratu zuenaren berri… Izorrai! Anekdota alu honek asko esaten du gure eskualdean kantari ezberdin eta interesgarriei eskaintzen diegun garrantziaz.

Ikaragarri gustatu zitzaidan Saioaren lehen lan hura eta asko gozatu nuen bere mundu berezi hura entzuten. Ingelesak eta euskerak erdibana banatzen zuten protagonismoa lan hartan baina “Merkurio tanttak” ikaragarri hark Legorretarraren bigarren lanean euskara gehiago entzuteko gogoz uzten zintuen.

2008an iritsi zen bere bigarren argitalpena izan zen “Matrioska Heart” ederra eta legorretarra norabide onetik zihoala garbi utzi zuen. Berriz ere diska biluzia izan zen. Ahotsa, kitarra (Joseba B. Lenoirrek lagundu zion oraingoan), piano zantzu batzuk, zuzenekoetan lagun zuen harmonika eta ez askoz gehiago. Bigarren honetan ordea, euskerak atzera egin zuen eta 11tik 7 kantu ingelesez erditu zituen.

2013an iritsi da ordea Saioa Garin beste maila batean jarri duen diska. “Natura” izendatu zuen eta konposizio zein gauzatzean aurrera pausu nabarmen bat somatu bada ere, lehen entzunaldian gehien harritzen duena atzean duen instrumentazioa da.

Joseba Irazoki handia izan da lan hauen zuzendari nagusi eta izen handiak bildu ditu goierritarraren ingurura; Hots, Felix Buff (Willis Drummond), edo Jaime Nieto (We Are Standard) beste batzuen artean.

Saioaren melodien izaera ederki harrapatzen jakin du Beratarrak eta hitz larriz idatzi beharreko diska batean bilakatu du “Natura” hau. Kantu ederrez josia dago eta atzean halako banda bat izateak ez dio batere indar kendu Saioaren melodia goibel zein indartsuei. Ezinezkoa da “Desoreka”, “Higadura” edo “Dar-dar, bor-bor” zoragarriei ezikusi edo ez-entzunarena egitea.

Musika maite dugun goierritarrak harro egoteko moduko diska borobila dugu "Natura" hau. Harro gainera, bi bider, diska Juanra beasaindarraren Moon Palace Records disketxeak kaleratu baitu. Ikaragarria da gizon honek musikari eman dion guztia eta zein gutxi eskertu zaion gure eskualde eder zein lainotsu honetan...

Besterik gabe, Saioaren hirugarren diska hau entzuteko gonbite zintzoa egiten dizuedala ez baitut uste sekula damutuko zaretenik. Bide batez, Ikusi Irratia saioan egin genion elkarrizketa hau uzten dizuet. Amaieran, zuzeneko akustiko bat ere oparitu zigun beraz, desentxufatu errealitateaz une batean eta ireki atea Saioari.

 

Saioa Garin from GITB on Vimeo.

 


Utzi iruzkina: