Mila esker JAZPANA! Gora USOPOP!
Gauza on asko ekarri dizkigu Jazpanak azken urteetan baina nabarmenena, bidean egin ditugun adiskide eta harremanak izan dira zalantzarik gabe. 2012ko Jazpana euritsuan ederki pasa genuen baina horretaz gain, hilabete batzuk lehenago internet bidez bakarrik ezagutzen genuen jendeari aurpegia jartzeko aukera eskaini zigun.
Usopopeko jendeaz ari naiz eta egia esan, jaso genuen lehen mezutik zirrara ikaragarria sortu zigun Iparraldeko jaialdi txiki bezain handi honek gure jaialdia ezagutu nahi izateak. Arima berdina duten bi jaialdi dira Usopop eta Jazpana eta ziur naiz, hainbeste aldiz azaldu nahi izan dugun (sekula lortu ez dugun harren…) Rural Postmodern leloa bere egiten dutena. Gure txikitasunetik mundura, gure bereizitasunak besteenak ezagutzeko baliatuz eta beti ahal bezain ondo pasatzeko intentzioarekin.
Maiatzaren 4ean ospatuko da aurtengoan Sarako jaialdia eta nola ez, han izateko erabakia hartu genuen aurtengo datak ezagutu bezain pronto. Hala ere, apur bat liatu gara betiko moduan eta azkenean, DJ Set batekin izango gara (Espero dut benetako DJ batek gu lanean ez ikustea edozer gauza gerta litekeelako…).
Unama, Kide, Tipul ta Putil, Bigott (Blue Jeans aurkezten!!), Wilhelm & The Dancing Animals eta Vandapalium DJ Set. Plan ederra zalantzarik gabe Usopop jaialdiak maitzaren 4rako eskaintzen diguna (nahiz eta gu ibili tartean bazterrak nahasten…). Animatu eta ziur, ez zaretela damutuko behin Usopopen egon denak, errepikatu egiten duelako. Zerbaitegatik izango da…
Iruzkinak
Utzi iruzkina: