Bigott is back jeans urdin eta guzti

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2013-02-10 19:01

Beste hainbeste talderen moduan Diegoren bidez ezagutu nuen beti sudur puntan jartzen zaiona egiten duen geinu aragoitar hau. Goierri Irratian eskaintzen zizkigun saio orgasmiko zein aberasgarri haietako batean izan zen. “This is The Beginning of a Beautiful Friendship” diska kaleratu berriarekin azaldu zen estudiora eta “Dead Mum Walking” kantuarekin aurkeztu zigun. Western itxura hartu nion kantu harri eta diska osoan murgiltzen hasi aurretik, kutsu hartako katu gehiagorekin topatuko nintzelakoan nintzen. Akats larria.

Bigotten diskografia entzun duen edonork badaki tipo hau etiketatu edo katalogatzea dodo bat ehizatzea baino zailagoa dela. Esan bezala, une bakoitzean sudur puntatik ateratzen zaiona egiten du eta hortxe dago bere magia. Abestiz abesti, harritzen zaitu eta melodiaz melodia aztoratu.

Ikaragarri gustatu zitzaidan “This is The Beginning of a Beautiful Friendship” hura eta "Cool Single Wedding", “Sparkle motion” edo “Honolulu” zoragarria bezalako kantuak nire kuttunenen artean sartzea lortu zuen.

Gerora, “The Orinal Soundtrack” borobila etorri zen eta zoro-puxka honek txunditutakoak milaka kontatzen hasi beharrean topatu ginen. Arrakasta ikusita, 2012ko JAZPANAra ekartzea erabaki genuen eta gure zorterako, berak ere, etortzea.

Kontzertu ikaragarria izan zen eta herritar bat baino gehiagok eskertzen digu oraindik Bigott eta bere banda itzela ekarri izana (Gutxitan izan da halako giroa karpan “Cannibal Dinner” jo zutenean baino).

Kontua da, munduko elkarrizketatu zailena den geinu bibotedun honek, diska berria buruan zuela Beasainetik pasa zenean eta dirudienez, labeko azken puntua besterik ez zaio falta gorri puntu atsegingarri hori harrapatzeko. “Blue Jeans” izena du lanak eta dagoeneko aurreratu digu kantu bat: “Find a Romance”.

Desiatzen naiz LPa esku artean izateko. Gozatu!


Utzi iruzkina: