Medik bi Arrasateko Politeknikan

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2006-11-30 17:00
4

Orain, aluminioaren ezaugarriei buruzko filmina batzuk ikusiko ditugu. Dudaren bat izan ezkero, galdetu”. Horrela hasi zuen Txuma Murugarren-ek atzo iluntzean Arrasateko Politeknikan, berak, Rafa Ruedak eta Pettik eskainitako kontzertua. Hiruren artean “hauxe” izeneko diska kaleratu berri dute eta normalean fisika, kimika, matematika, dinamika, termodinamika edo filosofia supersoniko kuantikoko klaseak ematen diren Areto Nagusian aurkeztu ziguten. Egia esan, Areto nagusia izateko nahiko txikia zen baina ez genuen gehiago behar. Berrogehitabostbat lagun bildu ginen bertan lagunarteko kontzertu hau gelako mahaietan eserita entzuteko. Eseri bezain pronto kuadernoa eta boligarfoa atera nituen ia ia baina ez nuen motxilarik; hala ere, gaurkoan ez nituen behar. Urteak dira ez dudala apunterik hartzen eta gainera, atzokoan ikasi behar nuena ez da liburuetan idazten baizik eta belarrietatik entzun eta erraietan sentitzen.

Esan bezala Txuma Murugarrenek hasi zuen kontzertua baina honi geroxeago helduko diogu gaizki ez baderitzozue behintzat (eta bestela, ere bai). Medi hauetako errege bakoitzak, lau kantu eskaini dizkio hauxe diska honi eta proiektuaren izaera garbi uzteko kantu hauek guri eskaintzeari ekin zioten, banaka, nahiz eta baxu-jole, bateria eta teklatua berdinak izan hiru kontzertuetan zehar.

                 

Txuma Murugarren

Rafa Rueda handia (ez dugu PiLT sekula ahaztuko) igo zen bigarren eszenatokira eta honek ere lau abesti eskaini zizkigun nola ez. Hasteko hodeietan jo zuen, hauxe gustatu zitzaidan gehien jo zituenen artean. Honen ondoren gogoratzen ez dudan bat, gero, Boga-Boga abesti herrikoiaren bertsio “nanoso” batekin harritu gintuen (berezia izan zen) eta amaitzeko bere “saredun eskua” azken diskaren izena daraman kantua jo zigun. Ederki egon zen Rafaren ekitaldia, musika landua egiten du, “pulitua”. Euskaltzaindia ez da gustora geldituko baina horixe da bere musika deskribatzeko aurkitzen dudan hiztik hoberena. Besteen parean profesionaltasun eta detaileen gaineko ardura bat erakusten zuen ahotsaren melodikotasunaren onuran eginiko saiakera bezalaxe baina honek, bere gauza onak baditu ere, bere gauza txarrak ere baditu.

             

Rafa Rueda

Kontzertua amaitzeko Petti Beratarra igo zen; igo, esateko mudu bat da eszenatokira jeitsi egiten baitziren atzokoan. Hori basapiztia! Basapizti musikala ordea. Sentimenduz beteriko lau abesti eskaini zizkigun trantzean ematen zuen musikari honek. Kitarrak bere gorputzeko atal bat gehiago ematen zuen eta bere ahotsak gure barrenerainoko taladro lana egiten zuen. Desgarratua, besteak baina intimoagoa, pertsonala. Han izan ez baginen ere, atzo egin zituen gauza berak egingo zituelakoan nago, txisteak kenduta noski. Harritu egin ninduen eta bere diskaren bat lortzeko gestiotan nabil honezkero (horrelakoetarako ez du balio e-mulek eta eskerrak). Jo zituen kantuen artean bere hildako lagun bati eskainitako “Xalbadorren heriotzaren” bertsio bat jo zuen eta latza izan zen. Ez nuen sekula esperoko abesti horrek hain rockero sonatzea.

          

Petti

Pettirekin amaitu zen kontzertu baina ez gure posta. Lehendabizi Txuma Murugarrenek jo zuen. Irratian entzuna nuen pare bat aldiz tipo hau baina irratia entzuten dudanetan, beste zerbait egiten ibiltzen naiz normalean eta ez naiz gauza handirekin geratzen. Txumaren kasuan bere ahotsarekin geratu nintzen. Ahots partikulrra du, hautsia, aintzinako rockeroen izpiritua burura ekartzen duen horietakoa, berezia. Honek ere, gutxiago ez izateko, lau kantu eskaini zizkigun eta egia esan, hauek izan ziren gustoen entzun nituenak. Hala ere, jo zuen azkenekoan jarri nahi izango nuke gaurkoan arreta; “Proposamena” kantuan alegia.

Askotan esan nahi duguna adierazteko hitzak bilatzen ibiltzen gara. Milaka esperimentu egiten ditugu baina ez gara inoiz gustora gelditzen. Sentimenduak haundi geratzen dira hain testu txikientzako, edo hain idazle txikientzako eta haserretu egiten gara gure buruekin, ematen baitu, sentitzen duguna kanpora ateratzen ez badugu barrukaldeko hodiren batean tapoia egiten geratuko zaigula. Horrelakoetan, gauzei mila buelta eman ondoren, liburu bat irakurtzen dugu, filmeren  bat ikusi edo atzokoan bezala, kantu bat entzun eta argia ikusten dugu. Tipo horrek esan dik nik esan nahi niana! Eta lasaitu egiten zara, zuk esan bazenu bezala da. Ez dakit berak nik esan nahi dudan berdina esan nahi zuen, seguraski ez, zihur ezetz baina kantu honek nire entzumenaren filtroa pasa eta nirea egin dudanean hori esan nahi du, niretzat behinipein; balio dit. Polita izaten da kantu batek horrelako zerbait sortzen dizunean. Horregatik, gaur kantu hau entzuteko aukera eman nahi dizuet. Batzuk ezagutuko duzue eta beste batzuk ez. Ea zuei ere barrenak mugitzen dizkizuen.

                                       

jonas

jonas 2006-12-07 11:12 #1

Gauza bat: HAUXE diskoa hirurek jotako kanta berriak dira ala euretako bakoitzak beretik aukeratutako kanta bilduma da? Erostekotan nengoen baina lehengo kanten bilduma bada...

Txumaren Proposamena kantan zer ulertu zenuen zuk? Askotan batak entzun ala besteak entzun letra bakoitzari interpretazio ezberdinak egiten zaizkio..
Irakaslea zu ere?

ElixaM

ElixaM 2006-12-08 16:57 #2

Dakidana dakidala, abesti denak berriak dira. Ruedaren kasuan ziur nago, ze gogo handiz egon bainaiz berak egindako Boga bogaren bertsioa disko batean edukitzeko (pare bat aldiz kontzertuetan entzun ondoren), eta Hodeietan izeneko abestirik ez da agertzen haren aurreko diskoetan. Baina Berriako erreportaiaren arabera, nik uste besteek ere kanta berriak ekarri zituztela, hots: "Hainbat estilo ukitu izan dituzte hirurek, baina bazegoen euren diskoetan inoiz egokitu ez zen kantarik, eta horiek Hauxe-n sartzea erabaki dute. " Ezta?

indezent

indezent 2006-12-08 17:21 #3

Egia esan nik dudan erreferentzia bakarra kontzertuan ikusitakoa da eta kontzertuan abesti zaharrak ere jo zituzten, hori zihur. Txuma eta Rafaren kasuan bai behintzat. Egia esan, ez dut Rafa Ruedaren bakarkako ibilbideaz gauza handirik ezagutzen eta zure aportazioak nireak baina balio gehaigo izango dute. Nik kontzertuan horixe ulertu nuen baina hala ez bada eskertzen dut zure zuzenketa. Kazetaritza ez da nire fuertea ;)

ElixaM

ElixaM 2006-12-10 15:22 #4

Aizue: inor joan ote da bart gaueko Durangoko kontzertura bertan egin dutenaz kontatu nahi duena? (Atzerrian nago eta beraz ezin.)


Utzi iruzkina: