Lasaitasuna ekaitzaren aurretik

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2008-11-28 11:33

 

"Ekaitza badator eta ni zai. Zintzilikatuta nituen arropak jaso ditut eta ekaitza badator. Ekaitza badator eta ni zai. Leihoak itxi ditut eta portxeko aulkiak ere lotuak daude eguzkia denean itzala ematen didan zuhaitzera eta ekaitza, gertuago dago. Ekaitza badator eta ni zai. Portxeraen erdian eserita nago laino beltzari begira, “Jaso al ditut etxe atzekaldean nituen gauzak? Bai, barruan daude”. Ekaitza badator eta ni zai. “Hamaka gorde al dut? Bai, autoko maleteroan dago”. Ekaitza badator eta ni zai. Laino belatzari begira nago eta ez dut ezer gehiago egiteko ekaitzari itxarotea baino…"

 

Horrelaxe sentitzen naiz gaurko egun honetan. Astelehenean hasiko gara Goierri Irratiko programazioarekin eta dena lotua eta gordea dago. Hastea besterik ez da falta eta laino ilun horri begira pasatzen dut eguna.

 

Hala ere, ekaitza iristeko irrikaz naiz prestakuntza guztiak eta gero benetako irrati lana egiteko unea iritsi delako. Astelehenean lehen egunon goierri saioa burutuko dugu eta bertan, saio honen nondik norakoak ezagutzeko aukera izango duzue. Ekaitzaren lehen prezipitazio horietan Nerea Barrutia izango da gurekin eta Keler Nation irratsaioan egiten zuen moduan, berri bitxi mordo batekin etorriko zaigu. Horretaz gain, Goierriko Hitzari errepaso bat emango diogu Aimar Maizen laguntzaz eta Goierri Telebistaren berri izango dugu bertako Ainara, Ainhoa edo Nagoreren ahotik.

 

Hauetako tarte batzuk astean behin besterik ez dira izango eta beste batzuk, lehiaketa adibidez, egunero errepikatuko dira. Astelehenetan Nerea izango dugun bezalaxe, asteazkenetan Imanol Aizpuru kale korrespontsala izango dugu gurekin kalean gertatzen denaren berri emateko. Ostegunetan, Idoia Noain nutrizio teknikaria izango dugu gurekin eta elikadura ohitura osasuntsuez hitz egingo digu eta ni, bere gomendioak jarraitzen saiatuko naiz (ez daki non sartu den…). Ostiraletan Goierriko gaztetxeei emango diegu ahotsa eta astebururako, zein astea zeharrerako, zer plan duten kontatuko digute. Oraingoz Beasain, Ordizi, Idiazabal eta Zaldibikoekin hitz eegin dugu baina aurrera begira taldea zabaltzea gustatuko litzaiguke.

 

Astearteak libre ditugu oraindik baina ez da alperkeriagatik. Kolaboratzaile berezi batekin negozioazioan gabiltz eta lehen asterako ez bada ere, gure saioan parte hartu nahiko duenaren itxaropena dugu. Horretaz gain, Goierrin burutzen diren ekintza kultural ezberdinen berri izango dugu beraien antolatzaileen ahotik.

 

Dena jasoa dago, dena gordea eta ni, ekaitzaren zai…

 


Utzi iruzkina: