Ile zurien garrantzia edo non dago nire teleberria?

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2009-12-03 19:59

Beste batzuetan esan dizuedan moduan, aspaldian ez dut telebista gehiegi ikusten. Gauetan besterik ez naiz jartzen bere aurrean eta azkenaldian, gau batzuetan ere, ordenagailura jotzen dut.

Hala ere, gustoko izaten dut gauero albistegiren bat ikustea eta Julio Ibarraren garaietatik, ETB2ko Teleberria izan da nire aukera. Beste albistegi batzuk ere ikusi izan ditut urte hauetan eta agian, horixe izan da ETB2koa aukeratzen jarraitzeko arrazoia.

Beste kateetako albistegiak España Directo bat gehiago besterik ez dira; morboa, hilketak, bitxikeriak, interneteko bideoak, morboa, modako famatuak, bitxikeri gehiago, beherapenak, morboa, gomendio estetikoak, moda, morboa eta… ah bai! Morboa.

Ba aspaldian ETB2ko albistegia ikusi baduzue beste España Directo bat besterik ez dela konturatuko zineten (España esan dut bai, ez Euskadi, badakit…). Bukatu da politika, bukatu dira inporta duten gauzak, bukatu da jendeari bere herrialdean zer gertatzen ari den kontatzea.

Oraindik ez dut Egunkaria auziaz fundamentuzko erreportairik entzun (pasadaz egunen batean agian), zenbait gizarte talde erabat desagertu dira (Euskal Herritik alde egingo zuten Patxi Lehendakari ikustean?) eta zer esan albisteen aukeraketez… Kiroletan ere, Madril eta Barça Errealaren aurretik izaten dira askotan (egunen batean Cristiano Ronaldorekin ere hasi dute kirol tartea!)

Guztiok entzun ditugu erredaktore eta zuzendaritzaren artean egondako arazoak eta aurkezleekin ere izango zituzten ez baitakit ez nundik atera diren orain daudenak eta ezta, nora bidali dituzten lehen zeudenak ere…

Gauza bakarra dakit, geratzen zen benetazko albistegi bakarra desagertarazi dutela eta afaltzeko ordurako magazine arin bat jarri digutela (hori bai, atsoa lehengoa baino asko hobea dago…). Agian gure hoberako da, zertarako jan burua gure inguruan gertatzen diren gauzekin, buruan aterako zaizkigun ile zuriak nola desagertarazi jakin ahal badezakegu (aurrekoan 15. minutuan hortaz ari ziren. 15.ean!!).

Ez dakit ile zuriak baina martxa honetan, ilearen azpian dagoena ere desagertaraziko digute…


Utzi iruzkina: