Uztapideren tresnak
Uztapiderekin eta zuekin aspalditik dudan zorra kentzera natorkizue.
Artikulu baten aitzakian, ahaleginduko naiz tiro batez bi txori botatzen.
Atzo jaso nuen etxean Senez aldizkariaren azken zenbakia (37. zk.), eta han, hainbeste irakurgairen artean, Xabier Aristegietaren artikuluak deitu zidan atentzioa, "Euskarazko testuen komunikagarritasun-problema larriak" izenburukoak. Han, espero izatekoak ziren gogoetekin batekin (atzerakargak, marratxoak eta beste), oso ikuspegi berexia eskaintzen digu egileak beste zenbait gaiez; besteak beste, "velcro-efektuaz" dihardu, izen-lagunen inguruan sor daitezkeen gaitz-ulertuak aletzean, edo informatikako "bereizmen" kontzeptuaz baliatzen da, lexikoaren gabeziez aritzeko (unibokotasunaren aldeko jarrera, ene ustez, muturrekoegia ageri du; gogoan al dituzue untzi/ontzi haiek?).
Nolanahi ere, guk, artikulua xehe aztertzeko astirik ez, eta alderdi txiki bati erreparatuko diogu: eufemismoei (Uztapideren estilistikarekin uztartzeko egokiena baita). Aurrera baino lehen, argitu beharrean gaude eufemismo lexikalizatuez solastatuko garela hemen, sorkuntzazkoak albo batera utzirik, horiek ez baitute aparteko arazorik sortzen hizkuntza batetik bestera pasatzean.
Artikulugilea itzultzaile dugu, eta, hargatik, etengabe ari dela hizkuntza-konparantzan. Itzultze beretik datoz artikuluaren muina eta arazoa, erdal eufemismoei euskarazko ordain egokirik ezin aurkitzetik; alegia, eufemismoak itzultzen saiatuko ez bagina, ez geneukake ez arazorik, ez artikulurik. Aristigietak, gainera, Nafarroako Gobernuan egiten du lan, eta, jakina denez, itzulpenen baliokidetasun juridikoak behartzen du hitzari estu atxikitzera.
Kulturaren osagai dira eufemismoak, ihartu eta klixetuak, eta, hala, itzulezintasunaren hegian daude. Umetan, Espaniar Hizkuntza eta Literaturako eskoletan eufemismoak zer ziren esplikatzeko, bicha hitza jarri ziguten adibide gisa (Andaluzian hala esaten diete sugeei). Nola eman liteke hori? Ezin da, Euskal Herrian ez baitzaio egundo izan erreparorik hitz horri. Gera gaitezen Andaluzian pixka batean. Han, hilekoari (tener la) tomata esaten bide zioten lehengo mendearen hasieran (orduko film batean entzun nuen lehenbizi). Zer bide ematen digu euskarak? Emalege, ilbehera... Ingelesezko dick, esaterako, aise eman genezake: berdela, kirtena... Hala ere, beti ez da hain erraza, eta galdu egin behar ñabardura eufemistiko hori.
Berdio dio zer norabidetan itzuli behar dugun. Euskaratiko itzulpenetan arazo bera dugu. Pertsonifikazioetarako joera du gure hizkuntzak, eufemismoak eratzean: Bettiri Sants (gosetea edo pobrezia gorria), Martin Itsu (loa edo logura) edo Balbea (heriotza edo zorigaitza; ez dakit zenbateraino den pertsonifikazioa, mugatzailea hartu ohi baitu). Kultura-markak dira horiek. Martin Itsu aise txulia genezake Morfeoren bidez, baina gainerakoan itzulpenak, nahitaez, ments izango du ezaugarri edo xehetasun hori.
Esan beharrik ez dago eufemismo batzuk kultura-eremu zabalagoei dagozkiela; esaterako, pertsonifikazioez ari garelarik, Parkak aipa genitzake. Ez diezagutela Parkek kukurik egin!
Besterik gabe, har ditzagun Aristegietak artikuluan aipatzen dituen eufemismoetako batzuk, eta erants diezaiegun azalpen labur bana:
- Ciudadanos de color. Zentzurik gabeko eufemismoa da, beltz hitza, berez, ez baita laidogarri auzo-hizkuntzetan; aitzitik, harrotasunaren erakusgarri izan daiteke: black power, black panthers, black nation, black pride. Ingelesezko negro iraingarriak, ordea, arazo bat edo beste ekar diezaguke; Itziar Otegik, kasurako, negro eman ditu horiek guztiak, Ez da erraza gizona on bat aurkitzea ipuin-bilduma itzultzean.
- Deja mucho que desear. Modulaziora jo genezake, eta konnotazio osoa ezezkako esaldien bidez eman (bigunagoak dira): ez da batere egokia, ez da oso txukuna (graduatzailea ere lagungarri da)...
- Defecar. Libratu dugu ordainik zabalduena; Mendebaldean obratuk korritzen du.
- Orinar. Gernua hor dugu, baina gernu egin lartxo litzateke; niri, bederen, pixa/txiza egin horrek ez dit eskatzen leungarririk.
Artikulugilea kezketan da eufemismorik ezagatik. Plaza honetan erakutsia dugu aburu hori okerra dela (gisa berean, oraindik asko dira sinesten dutenak euskaraz ez dagoela biraorik, ladiola). Badaezpada ere, Uztapidek lagunduko digu, herri-euskarako adibideak emanez, eufemismoen bakantasunari buruzko ezbaiak aienatzen.
- Ura gazteagoa zan, baña danak bukatu [hil] ziran gure aitaren senideak. (51. or.)
- Egualdi bustiagatik [euriteagatik], etzan ura jatordura egitera ere txabolara mogituko. (99. or.)
- Bedeinkazio [madarikazio, birao] ederrak botatzen zituen. (103. or.)
- Alkain semea gure aldean gaztea zan, baña ura ere joan zen mundu onetatik. (193. or.)
- Lamitegi eta biok izan giñan urte artan, bi eguneko giñan; apaldu ta edan-alak edan eta gero, kalmantea zala ta oiera joaterako ura edan bear izaten genduan, eta ederki berdinduta [hordirik] joango giñan oiera. (256. or.)
- Orain gurea joan da [zahartu gara], eta ezin asiko gera onezkero guretzako kotxea erosten. (302. or.)
- Arratseko lana [edo gaueko lana: kontrabandoa] esaten diote berak; lanik ez egiteagatik egiten den lana. (446. or.)
- Aiek zazpi litroko zatoa zeukaten, eta, goizean bete ta gosaltzerako oso ardo gutxi zuten eta ederki gobernatuta [hordirik] zeuden. (489. or.)
Amaitu aurretik, Agerre "Malua"ren ikaskizun txiki bat utzi nahi dizuet, Uztapideren liburutik hona aldatua: "Zoroen memoria eta lertxunen hostoa ez dituk geldi egoten". Ez gaitezen geldi egon, bada.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: