Uztapideren egunak
Uztapideren Lengo egunak gogoan irakurtzen ari naiz egunokin. Aukera paregabea eskaini digu "Auspoa" bildumak Endoiako bertsolariaren prosa xehera berriz hurreratzeko, duela hogeita hamar urte bi liburukitan plazaratutako lana liburu bakarrera ekarrita.
Antonio Zavalaren bilduma herri-prosaren monumentua da. Gaurko idazlariek zer ikasi franko dute lerro horietan. Xalbadorren Odolaren mintzoa, Pello Errotaren ibilerak... ezin utzizko irakurgai zerrenda eskaini zigun jesuitak.
Herri-prosa hori eredu da hizkuntza argiaren bidetik ibili nahi duenarentzat, testu argi, soil eta komunikagarriak sortzeko. Horretaz, maisukiro idatzi du Pello Esnalek, eta interesa duenak baditu haren hainbat artikulu sarean. Batzuek prosa molde horren erabatekotasuna eta noranahikotasuna aldarrikatu dute, nahiz, nire iritzian, ez den beti konponbide maila jasoko testugintzarako eta, batik bat, itzulpengintzarako. Hala ere, hizkuntzaren senaren arrastoa erakusten digu, ahotik harako hizkuntza biziaren eremu zabala.
Hara zer dioen Zavalak liburuaren atarikoan gaur egungo hizkuntza-ereduaz.
Erri-gizon auei, prosa-libururen bat egitera prestatzen direnean, danei kontseju bera ematen diet beti, idazten hasi aurretik: beren etxeko sukaldean eta erriko tabernaren batean lagunen artean izketan ariko balira bezalaxe gauzak papereratzeko; naturalidadea galdu ezkero, beren lanak ezer gutxi balioko duala, eta abar.Oroitean al duzue zer zioen Pako Aristik duela zenbait aste? Horretan, Zavalarenean bezala, badago, ene ustean, herri-hizkeraren mitifikazio halako bat (herriarena ere bai, apika); tradizionalismo-puntu bat, nahi baduzue.
Gure Uztapideri gauza ber-bera predikatuko nion, noski; eta bai bera xuxen, txintxo eta apal nere sermoitxoaren esan-naiaz jabetu ere. Nere iritzirako, izan ere, eta nere esana ez dezala iñork gaizki artu, alkarrengandik urrutitxoegi darabilzkigu itz egiten degun euskera eta idazten deguna. Batetik bestera tarte geiegi jarrita daukagu. Batere dudarik gabe, mundu zabal ontako beste izkuntzarik geienak izan oi duten baiño askozaz ere aundiagoa.
Gure Manuelek, berriz, biak bat egitera irixten dala esango nuke bere prosa ortan. Itz egiten zuan bezalaxe idatzita dago, izan ere, bere liburu ori. Zenbat aldiz, itzak, gauzak errepikatuz eta abar, mingaiñeratu ere ala egiten zaizkigu denoi-eta.
Zeinen desberdinak diren idatziaren eta ahozkoaren adierazpideak! Aspaldi haizatua omen genuen mito hura: idatzia ahozkoaren transkipzio hutsa zelakoa. Idatzia, besteak beste, ez da bat-batekoa; aitzitik, prestatua da, zuzendua, orraztua, euskaraz eta munduko bost izkinetako hizkuntza guztietan.
Kontua da adierazpide bakoitza noiz eta zertarako erabiltzen den, eta nola aberasten duten elkar bateko eta besteko baliabideek. Nik orain laurehun orrialdeko ikaskizun ederra daukat esku artean. Zerbaitto erakutsiko dizuet, menturaz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: