"Sortu" aditzaren esapideak

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2008-10-24 08:03

Kontuz-kontuz urratu behar dira zenbait bide, sastrakaz, asunez eta harriz beterik baitaude. Nik, oraingoz, gogoeta labur bat egin nahi nuke.

Sortu aditzaren neurriz gaindiko erabileraz jardun nahi nuke. Nire iritzian, funtsean, euskarazko sortu eta gaztelaniazko provocar parekatzetik dator kaltea.

Har dezagun, kasurako, Carlos Cid-ek Senez aldizkarian plazaratutako artikulu baten izenburua.

Txekieratik itzultzeak sortzen dituen hainbat buruhauste


Egitura hau dugu, beraz: buruhausteak + sortu. Itxura batez,  inork gutxik esango luke horretan okerrik dagoenik (ezta nik ere). Dena den, on litzateke tradizioari begiratzea, berehalakoan ohartzeko zer aditz izan dituen lagun buruhauste izenak. Ikus dezagun Orotariko Euskal Hiztegian:
buruhaustea(k) + ekarri, eman, izan/ukan, erabili, egin
Ez dago sortu zernahitarakoaren aztarnarik. Ereduzko Prosa Gaur datu-basean bilatuz gero, ordea, emaitzak bestelakoak dira.
buruhaustea(k) + ekarri (6), eman (48), izan/ukan (40), erabili(0), egin (0), eragin (12), sortu (22)
Esan dezagun sorturen sarrera gehienak Berriari dagozkiola eta, beraz, literaturan ez dagoela hain hedatuta erabilera hori. Emaitza horrek erakusten digu, ororen buruan, gaur egun zabal dabilela sortu aditza egitura horietan. Orain koska da ea hori eboluzioa edo inboluzioa den.

Alderatu ditzagun bi esaldi hauek:
Tresna horrek ebaluatzen ditu fobia soziala duten nerabeengan beldurra sortu dezaketen egoerak.
Tresna horrek ebaluatzen ditu fobia soziala duten nerabeentzat beldurgarri izan daitezkeen egoerak.
Buruari eragin. Hurrengo batean ekarriko ditugu zenbait datu eta argibide, aztarrika segitzeko.


Utzi iruzkina: