Martin Luther eta itzultzailearen eskubideak

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-09-14 20:21

Ez da gaurko kontua itzultzaileen egile-eskubideen bindikazioa, ezta hurrik eman ere. Martin Lutherrek, esaterako, bereak galdatu zituen N. jaunari idatzitako gutunean.

Atseginez ikusiko nuke papista bat agertuko balitz eta alemanera itzuliko balu San Pauloren gutunen bat edo profeten testuren bat. Lutherren alemana eta itzulpena erabiliko ez lukeenez, orduan iritziko litzaioke alemanezko itzulpen fin, xalo eta deboziozko! Haatik, ikusia dugu, noski, Dresden-eko Baldarra ene Itun Berria bikaintzat hartzen (ez dut haren izena engoiti aipatuko ene liburuetan; badu hemen bere judizioa eta, bestela ere, ezaguna da). Onartzen du ene alemanaren gozoa eta ona, eta erakusten du berak ezin egin lezakeela hobeki, eta, guztiarekin ere, hura erraustu nahi; harago joan da, eta ia elez ele jaso du ene Itun Berria, kendurik atarikoa, iruzkina eta izena, eta, haien ordez, erantsirik bere izena, hitzaurrea eta iruzkina, eta hala saltzen du bere izenean enea den Itun Berria. Oi, haurtto maiteak, norainoko mina egin zidan jakiteak haren subiranoak, hitzaurre beldurgarri batean, zigorpetu eta debekatu zuela Lutherren Itun Berria irakurtzea eta galdatzen zuela Baldarrarena irakurtzea, zeina Lutherren berbera baita. 
Salaketa horretaz gainera, "Itzulpenari buruzko gutun irekia" urregorrizko dokumentu bat da, Lutherren itzulpen-irizpideez jabetzeko. Testu horretan, irakurlearen alderako jarrera nabarmena agertzen du apaiz itzultzaileak, jatorrizkoarekiko fideltasunaren gainetik. Halaber, Lutherren izaera "apal"era hurreratzeko modu ezin hobea da. Baiki.

Lutherren itzulpenak aleman moderno batuaren kanona ezarri zuen, eta, horrenbestez, goi- eta behe-alemanaren arteko banaketa zurruna aienatu. Alemaniaz haraindi ere, berebiziko eragina izan zuen Eskandinaviako hizkuntzen estandarizazioan.

Ezaguna denez, Korana ere arabiera klasikoaren iturri nagusia da. Beste batean helduko diogu Mahometen testuari. Hala ere, gaurkoan gomendatzen dizuet Jacques Berque-ren frantsesezko edizioa, bereziki erudizioz beteriko "En relisant le Coran" atala (Albin Michel, 1995), Koranaren itzulpenaren zokondoak miatzeko. Hizkuntza, hitza, hain lotua baitago erlijioari (edo ideologiari).

Euskal Herrian, ordea, Leizarragarren Testament Berriak ez zuen halako arrakastarik izan. Bateko, protestantismoak ez zuen erro luzerik egin euskal jendartean, eta Nafarroako Henrikek meza baten truke irabazi zuen Parisko aulkia; higanoten aukera galdua zen, horrenbestez, hexagonoan. Besteko, Lutherrek ez bezala, Leizarragaren eredua kulturistegia zen; urrun zegoen herri xehearen eguneroko berbetatik. Jarraikorik gabeko harribitxi bat izan zen, bada, nahiz XX. mendearen erditik aurrera bat baino gehiago (Aresti, Krutwig, Ertzilla...) pizten saiatu ziren. Arestik, esaterako, Leizarragaren euskara erabili zuen, baita grafia bera ere, T.S. Ellioten The Waste Land euskaratzeko, hura euskararik "intellectualena" zelakoan.

Izan bedi argia. Eta argia izan zen, baina copyrighta zuen.


Utzi iruzkina: