Manu Leginetxe

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2008-10-29 07:31

Euskadi Saria eman diote Manu Leginetxeri (Arratzu, 1941). Ikustekoa izan da sari horien inguruan azkenaldian ibili den nahaste eta eztabaida. Nik, gaur, aitzakia gisa erabiliko ditut (zilegi bekit), Manu Leginetxe ekartzeko gure honetara.

Duela urte asko irakurri nuen haren lehenbiziko liburua, El camino más corto, eta benetan ume (gurasoen liburutegian ibili zale) haren barrenean sarturik geratu zen azpildurarik gabeko jardun hura. Beste garai batzuk ziren; orduan, kazetariak abenturazale zoro batzuk ziren, parabolikarik gabeko mundu batean, Arratzu Gernikarena zen denboran. Kapuscinski-ren Viajes con Herodoto ekar diezaguke gogora, garai bertsukoa baita, baina Leginetxeren estiloa bixiagoa zen (halaxe dut gogoan, behinik behin).

Geroztik, beste liburu batzuk irakurri dizkiot: Los años de la infamia edo Hotel Nirvana. Atsegin izan dut, beti, haren prosa xume eta didaktikoa, hamaika erreportaje eta kronikatan zaildua eta landua.



Iruditzen zait hura euskaraz jartzea ere mereziko lukeela, Oteitzaren poesiarekin egin den gisan. Pozarren hartuko luke albistea idazleak. Izan ere, saria eskertzean, adierazi du ez duela galdu euskarazko saria irabazteko esperantza.

Inpresio handia egin zidan hain gaixorik ikusteak iaz TVE2n egindako elkarrizketa batean, hain gaixorik eta hain buruargi (hitz-debekua izan arren).

Ea halako batean ekartzen dizuedan haren testu bat gogo-bihotzen gozagarri, itzulpen-ariketa gisa.



Utzi iruzkina: