Maghreb
Behin baino sarriagotan ekarri dut autura irakurketa gurutzatuen onura. Anarkiko samarra izaten naiz halakoetan, baina batzuetan, gura ez dela, bidegurutze harrigarriak aurki daitezke.
Dakizuenez irakurgai bat baino gehiago izaten ditut aldi berean; gehienetan, hiru: bat euskaraz, beste bat ingelesez eta beste bat gaztelaniaz. Hizkuntza bakoitzak burmuineko zoko bat pizten duenez (zientzialariei kasu egitera), ez zaizkit gainazpikatzen pertsonaiak edo kontzeptuak.
Aurten Gabon aldean, ostera, irakurgaiak has eta buka aritu naiz, aspaldiko batez, eta benetan ibilbide luze (GR) zoragarri bat ibili dut atzamar artean: Erlea aldizkaritik Sarrionandiaren azken liburura, eta handik Mohammed Xukriren Ogi hutsara.
Erlean, ibilbidearen kartografia ageri zen, besteak beste, Sarrionandiaren eta Xukriren liburuen pasarteak ageri baitziren. Iurretakoaren liburua Maghrebeko historiari, kulturari, hizkuntzei eta soziopolitikari buruzko saiakera ilustratu bat da (ilustraturen adiera bietan). Xukriren liburua bere testuinguruan kontatzen du Sarrionandiaren liburuak: Rif-eko hizkuntzak; gosetea; Marokoko espainiar eta frantses protektoratuak... Gailurra jotzea lako sentipen bat izango du irakurleak Xukriren liburua amaitzean: merezi izan du harainoko bideak.
Aurkikunde asko eginak izango ditu bidean; Arantzazu Royoren itzultzaile-antze bikaina dastatua izango du lehenengoz, ez nolanahiko lantegian, gainera: arabieratik zuzenean, tarteko hizkuntzarik ez dela, euskaratutako aurreneko liburua da.
Horra proposamena.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: