Klasikoak

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2011-05-28 13:26
2


Diru publikoekin arduratuta gaude krisi-garaiotan. Lehen ere diruok eralgitzen baziren ere, inor gutxi arranguratzen zen, oparoaldi betean baikinen. Dagoenean, bon-bon... Badakizue.

Beraz, gaurko gaia are minberagoa da. Aienatu da saretik Pentsamenduaren Klasikoak bilduma, aztarnarik bat ere utzi gabe. Adio, testuen biltegi zoragarriari. Adio, filosofiako klasikoak e-bookean irakurtzeko asmo orori.

Polito gastatu da dirua bilduma horretan, ez banaketa egokirik ez edizio-lan txukunik ez zuen horretan. Hala ere, pitxi ederrak utzi dizkigu itzultzaile saiatuen eta zuzentzaile zorrotzen elkarlanak, argitaratzailea (argitaletxe ere ez baitzen) gorabehera.

Uste dut denoi zor digutela testu guztiak nonbait eskura jartzea, bederen, PDF eta Word formatuetan lehen bezala. Diru-emaileek, funts-hornitzaileek hartaratu behar lituzkete bildumaren arduradunak.

Bitartean, urduri nabil, Igela ere suntsitu baitzaigu (suntsitu Zuberoako zentzuan) sarean; Dekameron: hamar ipuin aurkeztu behar dutenean, gainera.

Idatzi ondokoa: Pello Salaburuk ohartarazi digunez, UPV/EHUko Euskara Institutuaren orrian habia egina diote bildumari, corpus-bilatzaile eta guzti. Beraz, dirua eralgi ez, azkenerainoko etekina atera diote egindako lanari. Eredugarria.
 

Pello Salaburu

Pello Salaburu 2011-05-31 10:19 #1

Hemen aurki ditzakezu galdu omen diren testuak:
www.ei.ehu.es

Iñigo

Iñigo 2011-05-31 10:44 #2

Eskerrik asko, Pello. Zuek bai lanak ondo egin!<br />


Utzi iruzkina: