Having a Coke with You
Denboren mudantzak aukera paregabeak eskaintzen dizkigu itzultzaileoi; esaterako, egileek berek irakurritako olerkiak euskaratu ditzakegu; jakin dezakegu olerkariek nola irakurtzen zituzten itzulgai ditugun poemak; ikus ditzakegu inflexioak poeten ahotsean. Denboren mudantzak aukera paregabeak eskaintzen dizkigu, lanean estakururik gabe aritzeko.
Frank O´Hara-ren Having a Coke with You hartu dugu langaitzat, queer literaturako amodiozko olerkirik ederrenetako bat.
Hirekin koka-kola bat hartzea
atseginagoa duk Donostia/San Sebastianera, Iruna, Hendaiara, Miarritzera
[edo Baionara joatea baino
edo Bartzelonako Travesera de Gracia-n botaka egitea baino,
neurri batean hire alkandora laranja soinean zoriontsuago ematen
[dualako San Sebastian baino,
neurri batean nik maite haudalako, neurri batean hik jogurta maite
[dualako,
neurri batean urkien inguruko tulipak laranja fluoreszenteak direlako,
neurri batean gure irriak jendearentzat ulertezin eta eskulturazko direlako
lanak ditiat sinesten hirekin nagoelarik beste ezer izan daitekeela hain sendoa, hain hotsandikoa, hain gogaikarriro behin betikoa, hain
[eskulturazkoa,
New York-eko lauretako eguzkipean atzera eta aurrera gabiltzanean
[elkarren artetik
antiojoetatik arnasa hartzen duen zuhaitz bat bezala
eta bazirudian potret-erakusketan ez zegoela bat ere aurpegirik, bakarrik
[pintura,
halako moldez non norberak berehalakoan galdetzen zion bere buruari ea zergatik pintatu zuen inork inoiz halakorik
So egiten
diat eta hobea duk hiri so egitea munduko potreta guztiei baino,
batzuetan Poloniar zalduna kontuan hartzen ez badugu, eta nolanahi ere
[Frick galerian zagok
eta jainkoari esker ez haiz sekula han izan eta beraz elkarrekin joan ahal
[izango gaituk lehen aldiz
eta hi hain txairo mugitzeak, gutxi gorabehera, iraunarazten ziok
[futurismoari,
etxean Eskailerak jaisten biluzik obraz inoiz pentsatzen ez dudan hein
[berean
edo entsegu batean Leonardo-ren edo Michelangelo-ren margolan batean pentsatzen ez dudan heinean, hark harritu ohi ninduen arren,
eta nolako on handia egiten dieten margolarioi inpresionisten ikerlan
[guztiek,
sekula lortzen ez dutenean pertsona egokia zuhaitz ondoan egotea
[eguzkia sartzen denean
edo Marino Marini-k ez duenean zalduna zaldia bezain zehatz atzematen
bazirudik bizipen zoragarriren batek engainatu zituela
[haiek guztiak
baina nik ez diat hura alferrik galtzen utziko eta horregatik kontatzen ari
[natzaik hiri.
Frank O'Hara
Iruzkinerako gakoak: kohesioa (errepikak, elipsiak), kultura-edukiak (Frick), hitz-jolasak (San Sebastian), puntuazioa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: