Elurretako axeriak
Irakurtzeko modu ugari dago, antza. Ohartuki leitu daiteke, edo pasa-pasa eginda. Nik uste utzi egin behar zaiola testuari norbera eramaten (horretarako behar besteko indarra badauka, bederen), eta xehetasunak bigarren irakurraldi baterako utzi (halakorik nekez izaten den arren).
Elurra irakurtzen ari naiz egunokin. Lehendik ezagutzen nituen Fernando Rey (Pereirak dioenez, Gure etxeko kontuak, Oker ttiki garrantzigabeak...) eta Monika Etxebarria (Hildakoen entziklopedia, Goragalea...) itzultzaileak, baina hauxe da elkarlanean egin duten lehenbiziko literatura-itzulpena, batak gaztelaniatik eta besteak frantsesetik (turkieraz ez jakin).
Pasarte honek eman zidan atentzioa atzo.
1980ko estatu-kolpearen ondoren, eraikina hustu zuten, eta aldameneko dendatxoa erosi zuen saltzaile axeri bat jabetu zen etxeaz: hozkailu eta berogailuen biltegi bilakatu zuten. (247. or.)Axeri hor izenondoa da, zilar adibide honetan den bezalaxe: Liburu zilar batzuk utzi zituen literaturaren historiarako. Horraino harritzekorik ez.
Hala ere, bustidurak eransten dio balio berezi bat hitzari (eta hauxe da miragarria): desanbiguaziorako tresna da. Liburua Kars izeneko herri batean girotua dago Anatolian Armeniako mugatik hur, eta han nahaste ageri dira turkiarrak, kurduak, azeriak, armeniarrak... Bustidurak argitzen digu axeri testuinguru horretan zer den, ez dela azerbaijandarren sinonimo* ezpada axkarrena.
* Azeri izena talde etnikoari dagokio. Azerbaijanen, azeriekin batera, badira beste talde etniko batzuk: kurduak, errusiarrak, georgiarrak, juduak, avarrak, armeniarrak... Eta azeriak beste herrialde batzuetan ere bizi dira, batik bat Iranen.
Iruzkinak
Josu Jimenez Maia 2008-12-10 14:27 #1
Irakurlea zein den... Nik liburu hori gustura irakurri nuen arren, aitortu behar dut ez niola kontu horri erreparatu. Beste kontu batzuei bai, ordea, eta, nahi izatera, nire <a href="http://itxaurdi.blogspot.com/2008/09/elurra-udan.html">blog</a>ean dituzue irakurgai. <br>
Utzi iruzkina: