Axularren moldeak
Atzo, Peru Abarkaren irakurraldi jarraikian izan nintzen Bilbon. Amaieran, Bilbo Zaharra euskaltegiak Axularren inguruan antolatutako jardunaldien hitzaldiak banatu zizkiguten liburu tankeran (eskerrik asko!).
Liburutxoak baditu herren batzuk (neure alea, esaterako, 38. orrialdetik 43.era igarotzen da, tartekoak airean deseginda). Horrek, berriro, erakusten digu edizio-lanaren garrantziaz, baina hori ez da gure gaurko berbakizuna. Testuak hagitz interesgarriak dira (ez neurrian berean, hala ere). Ez dago azterlan burutsurik, ezpada esperientzia pertsonalei buruzko iritzi asko.
Joan Mari Irigoienen hitzaldian (24.-25. or.), bada pasarte bat hona ekartzea merezi duena. Manuel Lekuonak Axularren molde batzuei egindako kritikaz dihardu Irigoienek. Lekuonari ez zaizkio "legezko urre" begitantzen eredu erromanikozko erlatiboak eta menderatuak (ezen, zein...). Irigoienek arrapostu hari:
Prosa batek, ona izateko, bi baldintza bete behar ditu: eraginkorra izatea, eta ulertzeko modukoa. Sendoa eta ulerterraza. Nik askotan Axularren prosa konparatzen dut eskailera batekin. Edozein prosa konpara daiteke, egia esan, eskailera batekin. Irakurlearen ikuspuntuan jarrita, baina, goitik beherako eskailera bat behar du... irakurleak gehiegizko esfortzurik gabe jaso behar baitu mezua, balizko irakurleari pazientzia eta egonarria agor ez dakion. Eta eskailera mailaz maila osatzen da eta esaldiz esaldi, baina esaldiek ezin hobeto lotuak behar dute, akabo bestela. Juntagailuek (-la horiek eta non, hain, baita puntu eta komek ere), bakoitzak bere tokian behar duela, alegia, guk eskailera ahalegin berezirik gabe jaitsi ahal izan dezagun. Halako egitura baten ondorioak begi-bistakoak dira... paragrafo osoa ulertzeaz gain, halako betetasun batekin geratzen baita edo gera baitaiteke irakurlea, niri Axularrekin horrela gertatu zitzaidan behintzat.Nire gusturako, Atxagak ederto azaldu zuen hori berori Obabakoaken gaztelaniazko lehenbiziko argitaraldian. Haren ustean, aurrerabide ikusgarria egin zuen euskarak, latinezko plegu horiek guztiak bere egin behar izan zituenean (Atxagak ere eredu erromaniko esapidea darabil; beste batzuek ere bai).
Askok oraindik sasikotzat dituzte halakoak, ordea. Niri, esaterako, Kimikako irakasle batek, ez bat ez bi, zera bota zidan: "Niretzat, non... bait- eta horiek guztiak ez dira euskara".
Zerbait esan nuen behinola ikastaro batean horretaz guztiaz, eta adibide batzuk jaso, baina zeresan asko dago oraindik.
Eskerrik asko Pedro Alberdiri eta Bilbo Zaharreko guztiei abegikortasun adeitsu horregatik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: