Axularren bizkaiera

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2011-02-16 20:52
5

Ezagun denez, Añibarrok bihurtu zuen bizkaierara Axularren Gero ia osorik. Hala ere, urdazubitarraren testuan ere, gaur egun ia mendebaldean baino ez dabiltzan formak eta moldeak ageri zaizkigu.

Askotan amorratu egin naiz, entzunda halako hitz edo esamolde bizkaierazkoa dela eta hobe dela zokoratzea. Hona hemen adibide batzuk, horientzat ikaskizun:

• Zeren begira zaude? // Zerbaiten zain egon.
• [...] eta gero orai, arratseon, atrapatu zareneon [...] // Artikulu hurbilkaria: hileon, asteon...
• Biluz da: orthuz da: eztu aldatzeko athorrarik, eta ez etzateko oherik: eztaki othuruntza on baten berririk. // Ortozik.
• Eta zertako ibili behar zara seiñalatzeketan, eta bertzeri kargu emanketan? // Oñati aldeko erabilera: pentsaketan...
• [...] eta ifernuko bidean bere burua ibentzen du. // Ibeniren erabilera: ipini.
• [...] faltari bai, baiña faltaren iabeari herrarik eta aiherkunderik eduki gabe. // Edukiren erabilera
• Nola gizonak emazteari diadukon amorioa, bere egitez baita, natural, amorio hura aphur bat hotztuagatik ere, berehala naturalezak berak berotzen du, iraungiagatik, pitzten du. // Eduki (nor-nori-nork): daukotson
• Baiña miretsteko da, nola orai zuk dakizularik, eta esperientzia duzularik, neurri batetara helduz gero, arnoak iragaiten zaituen, gaitz egiten deratzun, etzaren guztiarekin ere zenzatzen, eta ez berriz halakatzetik begiratzen. eta bere baithan haserreturik, galdegin zuen: Quis hic mulierem olet? // Mogel: ardaoak igarota eta gatx eginda.
• Eta hala egun batez bere konpaiñiako bati usaiña aditurik [...] // Usaina asmatu, aditu, barruntatu.
• Baiña zuk, Iainkoa miserikordios dela diozunorrek, aditu behar ditutzu aphur bat iustiziaren tornuak eta kolpeak ere, hek aditurik, fidantzia erhoak utz ditzatzun amoreakgatik. // Aditu=ulertu.
• Hain da gauza hatsa, likitsa, higuiña eta nardagarria, or baten bere okha eginaren eta ahotik egotziaren berriz iretsten ikhustea, non baldin Spiritu Sainduak berak usatu ezpalu konparazino hunez, ezpainintzen ni aiphatzera ere ausartuko. // Hatsa=kiratsa.

Ixiar

Ixiar 2011-02-19 10:08 #1

Mendebaldean baino ez dabiltzan formak? "Noren (/zeren) begira egon" Bidasoa Beherean bederen normal-normala da.

Iñigo

Iñigo 2011-02-19 10:20 #2

Bai, biribilegia zen, aukeran, baieztapena. Eskerrik asko, Ixiar. Postaren asmoa zen erakustea zein funsgabeak izaten diren euskalkien alderako aurreiritziak; euskalkia norberarena ez denean, jakina.

Jon

Jon 2011-02-19 21:15 #3

Ni ere nazkatuta nago batuan bizkaierazko aditzak, izenak eta izenondoak baztertzen dituen jendearekin, ustez gipuzkerazkoak jende gehiagok ulertuko omen dituelakoan... Pena da.

Iñigo

Iñigo 2011-02-20 12:50 #4

Oso gai minbera da, Jon; ez da erraz erabakitzen, esaterako, zer den txokokeria eta zer den behar bezain zabal dabilen ezaugarria.

Dena dela, bizkai-euskara ez da horretan galtzaile ateratzen den bakarra. Zeren beha esapideak, ekialdean bolo-bolo dabilenak, antzeko arazoak lituzke, segurutik. Lagun bati entzuna diot nola zuzentzaile batek halako guztiak frantseskeriatzat jotzen zituen eta baztertzen (zuzentzailea bizkaieraduna zen).

Irudipena dut itzulpen- eta erredakzio-talde gehienak euskalkibakarrak direla, eta horrek mugatu egiten duela talde horien hizkuntza-ikusmira; eta, gisa berean, gotortzen bakoitza bere chauvinisme horretan.

Euskaltzaindiak hastetik beretik ezarri zituen euskalki-hiztunen kuotak, egundaino iraun dutenak.

Gipuzkera osatua, bai, baina aski osagarriz hornitua behar dugu; alegia, "nazio-hizkuntza" bat, "nazioarteko" ere izan dadin.

Jon

Jon 2011-02-20 14:21 #5

niri, adibide bat ematearren, "sarritan" kendu eta horren ordez "maiz" jartzea ez zait zuzenketa oso zuzena iruditzen. Jende askok erabiltzen eta ulertzen du "sarritan". "maiz" ere ondo dago jakina, baina sinonimoak dira, eta EAE osorako den dokumentu batean ez dut ulertzen zergatik zuzendu behar den ondo dagoena.
Ondo izan

Utzi iruzkina: