Ta ze esangoizut ba?
Enplegu publikoa ia guztiok nahiko genukeen lana da, eta hori ia inork gutxik uka lezake. Hezkuntza Sailak plazaratu dituen oposizioen harira ari naiz.
Oposizio hauek arautzen dituen dekretoa (edo dena delakoa, berdin dit) irakurtzen aritu naiz eta ia-ia ezinezkotzat joko nuke lanposturen bat lortzea zeure kabuz aurkeztuko bazenu zure burua, hau da, txanda librean. Nolanahi ere, denbora asko eman duten pertsonek aukera handiagoa izateari guztiz bidezkoa deritzot. Zerbaitengatik sartuko ziren bere garaian, hori ezin uka. Baina dekretoak eta aginduak sortzen eta plazaratzen dituztenei egia esan dezatela eskatuko nieke. Txanda librean lanpostu bat lortzea loteria jokatu gabe hau bera suertatzea baino zailago dela aitor dezatela, alegia.
Estatuak (edo dena delakoak) gauza publikoez arduratzeari ondo deritzot, denon mesede jokatzen duelakoan. Lan guztiak enpresa pribatuetatik baletoz zerbitzuak murriztuak lirateke, konpetentziaren izenean arituko bailirateke, hiritarren mesederako jokatu ostean.
Enplegu publikoak dakarrena da bere esanetara egon beharra dagoela. Hau da, gobernuak aldatzen badira, enplegu horren esanahia edo jomuga alda daitezkeela. Hezkuntzaren kasuan are gehiago, zeren hezkuntzaren bidez, hainbat hezkuntza teorien arabera, administrazio bakoitzak lortu nahi duen hiritar perfektua sortu nahi izaten da. Eta gure Euskal Herrian garen hain matxino izaki, prest al geundeke Estatuaren mesede lan egiteko? Horra hor kontraesana: gure etorkizuna finkatu nahian, hainbat aldiz madarikatu dugun Estatuarentzat nahiko genuke lan egin. Zer egin? Batek daki...
Papá Noel, Errege Magoak, Olentzero, zein gailentzen zaio zeini? Galdera, nire ustez, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, kultura baten eredua zabaltzea dakarrelako. Papá Noel (Aita Noel nahiago baduzue, niri egia esan bost axola nola idatzi) Amerikako Estatu Batuetatik datorkigu, mendebaldeko eredu gordinatik. Errege Magoak espainiar arrotzari zor dizkiogu. Eta Olentzero, berriz, euskaldun peto-petoa omen. Lehenak eredu globalizatu baten isla izan nahi du, mundu osora zabaldu, eta berarekin dakartzan ohitura eta jokabideak guk har ditzagula. Bigarrenek kristau pentsamoldea ordezkatzen dute: hirurak Belenerako bidean, haur jaio berria omentzera. Eta azkenak, ordea, gure inguruetako mendietatik jaitsi den baserritar euskaldunaren papera jokatzen du, Euskal Herriaren ohituren parte izan nahi duela. Berdin dio nori bozkatu, berdin dio ere nongoak izan, berdin zer hizkuntzatan hitz egin. Den-denok erostera behartzen gaituzte hirurek.
Zertarako “euskal gabonak” aldarrikatu, mundu osoan kontzeptu bera zabaldu denean? Azken finean, den-denok kontsumismoan erori gara. Niri, egia esan, bost axola nork ekarriko dizkidan opariak (baldin eta badaude, jakina). Kontua da ni ere erori naizela. Inor ez da perfektua. Eta ez dakit beste mundu bat posiblea den, aspaldi galdu dut esperantza, egia esan. Baina zuek ez zaitezte larritu, eta utziozue zutabe tuntun hau irakurtzeari, merkatalgunean zuen zain izango dira eta.
Igaro den asteartean, abenduak 4, oker ez banaiz, TVE-ko bigarren katean, La 2-en alegia, dokumental puska bota zuten. Irakeko berreraikitze prozesuari buruz eta AEB-ek hortan izan duten paperari buruz. Ederra, benetan. Dokumentalaren ideia nagusia zen AEB-ek diru-kopuru sinestezinak xahutu dituztela herrialdearen azpiegiturarik berreraiki edo hobetu ez dutelarik. Diru asko sartu zuten Iraken, metalikotan, barra-barra, eta batere seguruak ez ziren lekuetan utzi. Horrek lapurretak ekarri zituen, eta okerragoa dena, kontratisten handinahia zorroztu. Azken horiek lan guztietako fakturak ikeragarri puzten zituzten eta horrela dirua erraz lortzen zuten. Lotsagarria. Baina, azken finean, munduaren jabeak izaten diren bitartean, ez dago hori gelditzerik. Kontuz ibili, Sam Osaba ez haserretu, bestela gure sosa eta gure bizitza eramango ditu.
Iruzkinak
Mikel 2008-01-08 20:07 #1
<P>OLENTZARO/NOELTZARO</P>
<P>Olentzaro edo Noeltzaro gauza bera dira. Biek EGUBERRIAK adierazten dituzte. Izatez hitz bera dira OLEN/NOEL+ZARO, hau da JAIOTZAREN GARAIA. Eguzkiaren jaiotzaren garaia, urteko gaurik luzeenaren aurrean EGU(ZKI)BERRIA. NATALIS SOLIS INVICTI esaten zioten Erromatarrek, hau da, EGUZKI MENDERAEZINAREN JAIOTZA. Teknikoki Neguko Solstizioa esaten diote. Hau da inportanteena, eta errekuperatu behar den ideia. Janzkera guttienekoa da. Imaginazioaren esku!!</P>
Utzi iruzkina: