High School Musical euskalduna
Hori da hori kontraesana. Edota EAJ-ren idealen jarraipen logikoa. Azalduko dut.
ETB-1en aurki, dagoeneko ez bada, martxan jarriko dute gaurko aurtikuluaren izena daraman telesail-lehiaketa bat. Onena onenen artean bilatzeko eta kanpotik ezarritako eredu sozial hutsa onartuz joan gaitezen, bide batez.
Uste dut jatorrizko filmean (mundu osoan sekulako arrakasta izan omen duena, nonbait) neska-mutil nerabe talde baten gorabeherak azaltzen zirela. Hau da, A mutila B neskarekin maitemintzen da, C eta D neskak B neskaren lagunminak izango dira eta, nola ez, E mutila klaseko mutil inutila edo zarpaila izango da, A mutilaren laguna. Eta hauetaz gain, beste zenbait extra. Maitasuna, egoera jostagarriak, ikastetxe garesti bat, mutilak kirolari eta neskak animatzaile. Dena zoriontasuna eta dena koreografia ikaragarria duen dantza batekin konpontzen da. Musikalaren itzulera.
Ez daukat ezer musikalen aurka, baina bai saldu eta sinestarazi nahi diguten eredu sozialaren aurka. Arraza edota kolore guztietako neska-mutilak azaltzen dira, bai, baina inguratzen dituena ez da kolore guztietakoa, kolore bakarrekoa baizik, mendebaldeko eredu sozialaren kolorekoa alegia. Eta hori guztia gure Euskal Herri maitatura ekarri eta inportatu nahian.
Mota honetako programek ikusten dutenen burmuinak engainatzen dituzte, nahasten dituzte. Egiazkoa ez den errealitate batera eraman nahi ditu eta eredu horrekin bizitza eredugarria izan daitekeela sinestarazi. Dena dantza kordinatu batekin konpon daitekeen asmora eraman nahi gaituzte, batez ere (eta hori da salatu nahi dudana), umeak eta nerabeak.
Gu, helduak garen heinean (noraino, ikusteke dago oraindik), umeen eta nerabeen eredua izan beharko genuke. Eredua bakarrik, ez gure antzera pentsarazi edota jokarazi. Jokabide sozialaz ari naiz. Dena telesail honek erakusten duen bezain erraza eta dibertigarria ez dela ulertarazi behar diegu gazteei.
Eta zergatik aipatu dudan EAJ? Bada, horiek dira hein handi batean ETB kontrolpean dutenak. Telebista eredugarri bihur daiteke maiz, eta horrekin tentuz ibili beharra dago. Baina audientzien bila bakarrik aritzen badira, logikoa iruditzen zait ahoan darabilgun telesaila plazaratzea. Nolanahi ere, telesail hau ez dator bat, nire ustetan, hain ohitura-zale den EAJ-rekin. Telesail honek globalizazioaren ideia lau haizeetara zabaltzen du eta ideia horrek, denok badakigu, zabalera eta itzal txikiko kulturak suntsitzen ditu, gure euskal kultura barne. Horregatik esan dut kontraesana iruditzen zaidala. Baina esan dut ere bai telesail honek azaltzen duena EAJ-ren idealen jarraipen logikoa dela. EAJ, azken finean, eskuineko alderdi bat da eta mendebaldeko baloreak zabaltzea interesatzen zaio, horra hor beste kontraesana.
Bukatze aldera, lasai egon zaitezten esan behar dizuet. Ez ezertaz kezkatu. Mundu desorekatu honetan ez dago arazorik, eta arazorik balego, arin-arin batekin dena konpon genezake.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: