Harridura
Jakingo duzuenez, gaur, azaroak 30, 56 pertsona gutxienez hil dira Turkian hegazkin-istripu baten ondorioz. Berez, edozein istripu larria da, eta bizitzaren balioaz jabetzeko ezinbestekotzat jotzen ditut nik istripuak, azken hauek gure ingurukoen balioaz, zer dugunaz eta nork maite gaituenaz ohartarazten gaituztelako. Ezkor samarra da nik botatakoa baina hein handi batean, tamalez, egia izaten da.
Beste kontu bat da hedabideek kasu edo gertakari hauek nola tratatzen dituzten. Esklusiba saltzeko, berria inork baino lehenago saldu beharra dago, eta zenbat eta ozenago esan, orduan eta urrunago helduko da berria. Baina kazetariek bizitzaren etika gutxieneko bat errespetatzen ez dutelakoan nago. Hedabideek gizartea informatzeko balio izaten dutela esatea nahiko nuke, baina zenbait jokaerek kontrakoaz ohartarazi naute. Adibidez, biktimen zifrei buruzko tratamendua. Zenbat eta potoloagoa, orduan eta harrigarriagoa. Eta atzean dauden pertsonak? Nahiz eta nortasun agiri bat izan, ez dira bakarrik zenbaki bat, ezin dira ezer gertatu ez balitz bezala zenbatu. Hedabide gehienei ez zaizkie zenbakiak axola, berriak baizik. Eta kaltetuak gure artekoak baldin badira, horiek izango dute lehentasuna. Berdin da bostehun pertsona hil izatea hiru espainiar edo bost euskalherriko hil baldin badira. Eta ikeragarri haserretzen nau hau entzuteak : “ez da euskaldunik hildakoen artean”. Horrek zer axola du? Ez al gara den-denok berdinak? Ez al gaitu berdintzen ezta heriotzak ere?
Bestalde, gaurko Berria egunkariaren kontraportadan berri pozgarri bat irakurri ahal izan dut. Jatorri euskalduna duen neska brasildar bati espediente akademiko onenaren saria eman diote, ikasketak euskaraz egin dituelarik. Neska honen ibilbidea aipagarria eta eredugarria iruditzen zait. Euskaldun berria izaki, unibertsitateko ikasketak euskaraz egin ditu, eta ez bakarrik egin, denak liluratu ditu bere lanarekiko doaiari esker. Langile hutsa da, egunero lan egiten duen horietako bat. Beste modu batean esanda, gehienok egin ez genuen bezala. Zazpi hizkuntzatan hitz egiteko gai da, doktoretza egiten hasi da aurten eta dagoeneko EHU-n irakasle egiten du lan.
Ez dakit zuek, baina ni liluratu egin nau. Bera bezalakoa izatea nahiko nuke nik, hain azkarra, hain jakintsu, horrenbeste jakinminarekin. Eredutzat hartu beharko genituzke bera bezalako pertsonak eta ez prentsa arrosan edota kirol albistegietan agertzen direnak. Neska hori bezalako pertsonak dira mundua mugiarazten dutenak. Haiek gure etorkizuneko aginlariak beharko lukete. Baina gu ez gara haiek bezain azkarrak eta horregatik agintzen digutenak aukeratzen ditugu. Nik bera bezalako maisu bat izatea nahiko nuke, zinez.
Eta bukatzeko, aurreko paragrafoan esandakoarekin kontraesan izugarri bat. Sekulako poza hartu dut telebistan Belén Estebanek bizpahiru etxe dituela jakin dudanean. Benetan ari natzaizue, txantxarik ez. Poza zeren daukaguna merezitzen dugulako. Besterik gabe. Bera bezalako ezjakin batek bizpahiru etxebizitza izatea izugarria iruditzen zait (eta ezjakin hitza motz samarra geratzen zait, baina jaun dotore bat naizenez...). Mahaiaren inguruan eserita zeudenek onespen guztia ematen zioten emakume horrek daraman bizimoduari, hau da, beti gainerakoei gaizki esaka aritzeari. “Berak ez du errurik horrelako diru kantitateak ematen badizkiote”. Horixe besterik ez genuen behar. Zentzugabe hori defendatzea. Kulturaren gailurra, zalantzarik gabe. Aurreko paragrafoan esandakoaren aldean dena pikutara bidaltzeko gogo izugarria sentitzen ari naiz. Ez dut gehiago idazteko gogorik, zertarako, gainera? Berritsu batek ez dakit zenbat mila euro merezitzen baditu, beharbada Pedro Miguel Etxenike jaunari bere soldatatik kendu beharko genioke Estebanek merezi duena.
(Barkatu Etxenike jauna pizti horren alboan jarri izateagatik).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: