Garaitik aterontzeko Gogo onari: Damuminez, Gotzon

No profile photo Bidartekoan | 2008-10-14 13:19


Berandu nator, betiko legez, berandu heldu naiz. Ez naiz iritsi, ez naiz ailegatu. Ez naiz iritsiko Gotzon, gaur ere ez naiz ailegatuko. Esan zidaten bisitan joateko, ez nintzen iritsi, eta geratu naiz zure azkena barik. Zure akuiluagatik izan ez balitz irakurtzeke geratuko nintzatekeen Loramendi batek esango zukeen bezala, aldia inoiz ez baita geldirik. Ez nintzen heldu, ez nentorren, eta joan zara, eta ez ahotik eskura, aho bete hortz eta esku hutsik lotu garen arren, zeu beti izanda hain esku zabal eta mihi zorrotz bezain artezeko aho beldur gabekoa.

Torrealdai makurtu zutenean poliziakoen autoan sartzeko, Atxagak esan zuen garai baten bukaera zitzaiola, niri berriz zure joanak esan dit hemendik aurrera umezurtza naizela, galdu dut horma orain erreka jota dudala, eta trokatik aterako naizenentz ez daikadalaka nabilelarik.

Esaten du Javier Ortizek, zorroztasun osoz esan ere, ezin dela norbaiten panegirikoa idatzi norbere buruaz jardunez. Eta arrazoirik ere ez zaio falta, alde batera; baina, bestera, ez dut uste hori egiteko gauza garenik gizakumeok eta, bestera, segurutik zure egindakoez baino apalago izanagatik, baina asko gora mintzo zitzaizun Kalzakorta, ordu-orduan, badakizu, zure ikaslerik miretsiena bera. Kalzak gora ez ezik, agortzeraino guztiak aipatu baitzituen, berba labur labioez, esan eta erasan zituen guztiak. Kaltzak ez dakiena beste hauxe da, goia jotzeraino goresten zenuela geu gure guztion begien aurrean, Azkueren Morfologia buruz ei zekien ikasle eredugarri hura. Guk, nik, eredu hori genuen, zeuk gure begiak hara zuzendurik, eta zorrotz dendatu naiz neure buruaz, zorrotzegi azkenean, ahantzi baitut zure humanitatea, zure gizalege eta bideak, azkenean bizipoza gezaldu, eta talka eginda, behea jota geratzeko. Beste ikasle zuhur eta begi zoliagokoak izan dituzu, zeure zorionerako: behinola ikusi nuen bat, zure hiletaren buruan.

Gotzon, negar batean nabil, eta ez zure faltagatik (hori ere badudan arren); baina zuk ondo biribil eta, areago, pozarren asko, eginak zenituen zeure bideak oro, ederto batean alajaina, nire begirakune motzari dagokionez, behintzat.

Ez, zintzo esate aldera, neugatik nabil argi errainuak anpulupeetan begietara ekarri ezinik, neugatik argizagi eskean, gaur argia itzal egin baitzait.

Ez dizut idazten ez “nere bordatxotik”, ez “nire butakatxotik”; modernotasunagatik ez naiz borrokatuko, horiek garai bateko hitz aspertuak baizik ez baitira, ogi etorria eta zutik irauteko indar iturria baitira asko baino gehiago; ez, idazten dizut, Gotzon, nagoen apartadero honetatik baino, nabar okerreko bidetik, saihetsetik. Kolpea ziur ordez huts emanik, nagoen lekutik, bizitza oso bat konplitu denari bekaitz liokeen bezala. Eta joan baino arinago, itaundu gura nizun ea inoiz baretuko ote zitzaizkidan barrenak... baina ez dut zure bizipozetik egundo ere gehigo erantzunik jasoko.

Eta banago, ostera ere, nitaz jarduten, ez baitakit bestek esan dutenaz haragokorik, asagokorik... edo bai? Bai, neuretzako oroigarri da, ez du lar balio, baina, halatabe, hara:

Azken eguna zen, ekaina, uda aurretik genituen azterketetan, azkena zeurea. Ziztu bizian igaro dira gure oroimenetik “Solferinoko Itsua” bezalakoak kitarraz zeuk eskolan jota, batzuek nahiago zuketen “literatura” eskola handiguren lekuan; eta Lauaxeta datorkigu mintzo harira. Zati batera, altxa ditut begiak, orduan euskal filologian geunden 120 ikasleetatik neu azkenengokoa; bukatu dute, kanpotik dator oporren aurreko zurrumurrua, nik berriz orduantxe maila fonikoa burutu berritan, oraindik geratzen zait harrez gero Mediterraneoko gurutzeetan ehizan nabilen metafora alderdia, ez dakit zer dudan baina gaixo nago, esan nahi dizkizut gauzak, baietz eta ezetz, ez natorrela bat baina arrazoia duzula, Gandiagak esango zukeen bezala, eta nik zeure aginduari eutsita, gura izan beste luza gintezkeela, altxa ditut begiak zugana beldurrez, baina halaxe diostazu: “lasai Koldo, jarraitu lasai, egina duzu azterketa aspaldi, baina lasaitu barrenak, aurrera, beti aurrera Koldo”. Eskerrik asko Gotzon, orain ere ikasi dut, eta halaxe egingo dut.

Koldo J. Garai (Gotzonen ikasle ohia)


Utzi iruzkina: