Vermeer

literartea 1456440692268 literartea | 2007-02-19 23:43

Korridore ilun estu batetik, balkoi beiraduna zuen egongela argitsu batera eraman ninduen. Hantxe zegoen frau Gerda, balkoitik sartzen zen argiak eskortzoan ematen ziola. Buruaren atzealdean, motots zuria saretxo batean bildua; betaurrekoak, sudur-zuria baino dezentez beherago jarriak; belaun-ondoak, laukidun manta gorribeltz batez estaliak, eta oinak, artilezko galtzerdiz. Vermeer-ek bere koadroetarako baliatu zuen eszenatxotzat har zitekeen, izan ez balitz frau Gerdaren atzean zegoen kandela gorri batez argiztaturiko argazki batengatik: argazkian, bere semea, mendiko soldadu jantzian eta bi eskiri zutik eusten ziela.

 Anjel Lertxundi, Ihes Betea. ALBERDANIA, 2006. 115. orr.

 

 


 

Jan Vermeer (1632-1675). Ez da informazio askorik margolari holandar honen gainean. Bere jaioterritik, Delf-etik, ez zen inoiz atera. Bere emaitza artistikoak 36 lan biltzen ditu: horietatik 34 etxe-barruko eszenak eta erretratuak dira; Delfteko paisaia eta Kale kantoia dira lau hormetatik kanpora sortu zituen irudi hiritartuak. Argiaren trataera bikaina, kolore gardenen erabilera eta, batik bat, perspektibaren interpretazio fotografikoa nabarmentzen dira Vermeeren lanetan. Artean aditu diren zenbaitek dio kamara iluna ezagutu eta erabili zuela, hain da errealista perspektibaren jokoa.

                     

 

 Vermeer eta garaikideen lanak

 


 

-Entzun adi. Duela 20 bat urte gizon bat Alpeetara joan zen, elurretara, eskiatzera. Elur jausi batek harrapatu eta inoiz ez zuten gorpua aurkitu.

 -Azkena.

 -Ez, ez da amaiera. Hasiera da. Artean gizon haren semea umetxoa zen, baina urteak pasatu eta hazitakoan berau ere eskiatzaile trebea egin zen. Iazko neguko goiz batean irteera egin zuen mendira. Goiz erdian haitz handi baten ondoan hamarretakoa egiteko atseden hartu zuen. Ogitartekoa atera eta paper-zorroa kentzen ari zela, beherantz begiratu eta gaztearen oin azpian, hantxe, gorpu izoztua ikusi zuen. Hurbiletik ikusteko makurtu zen eta bat-batean ispiluaren aurrean bezala sentitu zen. Hantxe zegoen aita, hilik, baina gorpua bere horretan, izotzak harrapatua. Katuka jarri eta aita aurre-aurrean zeukala ohartu zen. Eta hona harritzekoa: aita semea baino gazteagoa zen. Umea gizon bihurtu da eta aita baino zaharragoa da.

AUSTER, Paul. Smoke & Blue in the face.