Uholdea

literartea 1456440692268 literartea | 2007-08-12 23:16

Julian Barnes, A History of the World in 10½ Chapters, London: Jonathan Cape, 1989.

 


 

             

 


 

 

Eta zer esan antzinako hondamendi hartaz, uholde nagusiaz? Tira, Noeren aurreneko ikonografiak pentsatu genezakeen legez sortu zituzten. Kristautasunaren lehen hamabi mendeetan edo luzeagoan, ontzia eskuizkribu pintatuetan agertu ohi da, beirategietan eta katedraletako irudietan; kutxa edo sarkofago baten modura irudikatua izan zen, Kristok hilobitik irtengo zuenekoa aurreikusi nahian edo. Herrikoia ei zen Noe: Veronako San Zenoren elizako brontzezko ateetan ageri da, Nimeseko katedralaren ipar-aurrealdean eta Lincolnekoaren ekialdekoan. Pisako kanposantuko fresko batean itsasoan dabil Noe, baita Florentziako Novellako Andra Mariaren elizan ere. Monrealeko mosaiko batean, Florentziako  eta Venetziako San Markosen ere ikusiko duzu.

 

                Verona

 

                                      Nimes

                              Pisako kanposantua

                            Lincoln

Baina non ote daude hauetatik eratorritako margo bikainak? Zer gertatu ote da? Uholdea ihartu ote da? Ez antza, baina Migel Angelek urak beste bide batean ezarri ditu. Sixtoren Kaperan ontzia ez da orain interesgune (uretan den musika-kioskoaren itxura-edo hartu du, itsasontziarena bainoago), margoaren zoko batean da. Uholde aurretiko kondenatu urduriek irabazi dute lehen planoa eta pare-parean Noek eta bere senideek onik irten dute. Indarra galdutakoen taldean da, utzitakoenean, bekatarienean, Jaungoikoak ahaztutakoenean. (Badugu Migel Anjel arrazionalista errukituari zer edo zer leporatzea eta Jaungoikoaren ankerkeria salatzeko eskatzea? Edo Migel Anjel gupidatsuak margoa  sortzeko sinatu zuen kontratua bete besterik ez du egin, ondo azalduz zer gerta dakigukeen bide onetik ez bagoaz? Baliteke aukeratutako irtenbidea estetikoa izan beste barik: nahiago ditu kondenatuen gorputz bihurrituak, egurrezko ontzi arrunta otzan irudikatu baino). Nolanahi ere den Migel Anjelek gaia beste bide batean tratatu zuen eta, bidenabar, suspertu. Baldassare Peruzzik jarraitu zion, Rafaelek jarraitu zion. Margolari eta irudigileek galtzaileei salbatuei baino arreta handiagoa eskaini zieten. Berrikuntza tradizio bihurtzen joan zen heinean, ontzia urrutiago azalduko da, zeruertzerantz doa, Géricault-en margoko Argus ontziaren modura. Haizeak gogor jotzen du eta mareak badira: Noeren ontzia zerumugara egin du eta desagertuz doa. Poussin-en “Uholdea”n ez da ageri itsasontzirik inondik; gizakumeak han dira nonahi, Migel Anjelek eta Rafaelek aurrenekoz nabarmendu zituzten haiek. Noe zaharra artearen historiatik nabigatzen aldendu da.

 

 

                     
                      Migel Anjel

 

                                 Poussin

Julian Barnes, A History of the World in 10½ Chapters, London: Jonathan Cape, 1989.

 


 

Txomin Agirre, Ioan-etorri bat Erromara, 1899.

       Bazkalondoan urten dot bigarrenean Batikanora, Iauregietara. An igaro dot arratsalde on bat gozarokiro. Plazako gauzak bere obeto oartu ditut. Benetan da andi San Pedro-ko plazea. Galeri bi okertuak bata bestearen aurrez aurre baiña urriñ, eztakit zenbat metarri ioniko arrakaz [del orden jónico], eta gaiñean taillu andiak... eta zarrak. Plazearen erdian beste metarri 140 neurtoski goruntz dituana aurrean, eskillera mailla zabal batzun gaiñean, elizpe andi bat arroin sendoakaz; onen gaiñean balkoi eder luzea eta taillu geiago oraindik, eleizara sartzeko bost ate zabaltxuak, bat bakarrik iragita. Au da plazan oartu dodana.

        Eleizperaiño sartu barik artzen da eskerretaruntz Iauregietara igoteko. Atean billatu ditut Iauregi eta Aita Santuaren zaintzaileak, zuzen, mena, alabardeak eskuetan dituela iantzi pintanuakaz; (ori-gorri-baltzak biñakidauta) txapelak daukez batzuk luma bategaz, kosketaldi galtzaiduzkoak beste batzuk.

        Lenengo ikustamena Sixtoren elitxoka [Capilla Sixtina] edo kapillara egin dot. An egozan ingeles gizon ta emakuma batzuk iarrilekuetan erdi etzanik, betaurreak eskuan zituela, gora eta alderdietako ormetara begira. Iarri naz neu bere eta ioan iataz Asken erabagia-ri [juicio final] eta beste Migel Anjelen gai askori begira ordu bete ta geiago. Zer egia dan pintura au! Gizonaren gorputzeko atalak zeiñ ondo ezagutuak agertzen diran! Zeiñ soma andia ziamartzan! Zer gaikera Migel Anjel-ena, zer gaikera! [habilidad].