Sisley Leartza'ko

literartea 1456440692268 literartea | 2009-10-05 23:01

"Cazave'ren dendaren aurrean gelditu nintzan. Kuadru famatuen irudiak ziran eta aien artean Sisley'ren bi eder: ederki inprimatuak, oso ederki. Orratio pena nuen egiazko kuadrurik ikus enezakealako.

Zugaitz illara aiek etziran mendian ikusten diran bezelakoak: ederragoak dira oraindik eta amets eragiten dute. Ezatasuna darie eta atsedena: ixtant olerkitsu bat tinkatu zuen Sisley'k eta an dago. Igarokortasun ori nabarmentzen da beretan: aldakaitz izan arren, unearen aldakortasuna atzemna du. Denboraren txistua ere entzun bide diteke, oraiñari igeska, eta zahartzaroan bezala ikusten da Sisley'k berak bere garaiean memento batean ikusi zuena. Malenkonia gozoz betetzen da izpiritua...

... Zorion-min ori bortizki nabaitu ez duenak ez du Sisley'ren mundua ulertzen. Ederra eta uts-miña bat dira, eta bataren doloreak ikutu ez duena ez du besteak ere ikutu".

Txillardegi, Peru Leartza'ko, 112-113. orr. Itxaropena, 1960.

Alfred Sisley, Canal du Long. 1892

Alfred Sisley (1839ko urriaren 30a; 1899ko urtarrilaren 29a) Parisen jaiotako margolari inpresionista izan zen, bizitzako aldirik handiena Frantzian eman zuena, nahiz eta familia eta hiritartasuna ingelesak izan. Aita merkatariak zeta zuen diru-bide, eta ama musikan aditua zen. 18 urte bete orduko Londresera bidali zuten ikasteko asmoarekin, eta lau urtean ekonomian trebatzen jardun zuen.  1862an Parisera itzuli zen eta pintatzen ikasteari ekin zion Marc-Charles-Gabriel Gleyre artista suitzarren estudioan. Bertan Frédéric Bazille, Claude Monet eta Pierre-Auguste Renoir ikaskide izan zituen. Argiaren ñabardurak oihalean ahalik eta ondoen azaldu nahian paisaiak zuzenean pintatzeari ekin zioten. Eta erabili zituzten kolore eta efektuek garai hartako ikusleak ezustean harrapatu zituzten. Sisleyk ez zuen bizi bitartean arrakasta handirik lortu, eta haren margoek hil ostean jaso zuten ospe eta onespena.

 

 

Alfred Sisley, Le repos au bord d'un ruisseau. 1872

 

Alfred Sisleyren lanak Wikimedia Commons atarian.