Parmakoak 3

literartea 1456440692268 literartea | 2008-02-07 22:51

Au fait, ce jeune Fabrice est plein de grâces, grand, bien fait, une figure toujours riante... et, même que cela, un certain regard chargé de douce volupté... une physionomie à la Corrège, ajoutait le chanoine avec amertume.

 

Stendhal, La Chartreuse de Parme, chapitre V. 

 

Xarmez betea dago Fabrice delako hori: lerdena, gorpuzkera ederrekoa, irribarrea beti aurpegian… eta, areago oraindik, atseginzaletasun goxoz betea du begirada… Correggioren araberako aurpegiera…

Stendhal, Parmako Kartusia, Literatura Unibertsala Bilduma, 131.zb. Alberdania-Elkar, 2007. 162. orr. Jon Muñozen itzulpena.

      Scalako Madonna (1523)


 

Jon Muñozek, euskarazko bertsioaren itzultzaileak, liburuaren hitzaurrean (29. orr.) hala dio: “Sfumato deritzan teknika berezia erabiliz, Correggiok urrunean bezala pintatzen zituen lehen planoko aurpegiak. Kritikari batek baino gehiagok aipatu izan du hori dela hain zuzen Parmako kartusiako ezaugarrietako bat, alegia, pertsonaien eta lekuen ezaugarri fisiko nabarmenenak lausotzea, gandutzea eta lanbro arin eta zoriontsu batean biltzea hala paisaiak nola aurpegi-gorputzak, irakurleak ez baititu pertsonaiak egileak ematen dizkion datuen arabera ikusten, oinarrizko aipamen batzuen bidez bere gisara tankeratzen baizik”.

 

Leonardo Da Vincik ekin ei zion aurrenik teknika hau erabiltzeari olio-pinturan. Figuren siluetak lausotzean datza, difuminatzean, halako efektu berezia sortuz.

 

Antonio Correggio (1489?-1534). XVI. mendeko pintore berritzaile eta onenetakoa izan zen, gerora etorri zirenengan eragin handia izan zuena. Murritza da oso bere gainean dugun informazioa. Baliteke 1518an Erroman izatea; Vasarik esanikoa gogoan, ez zen sekula han izan eta Raffaelo eta Migel Angeloren berri haien lanen kopien, grabatuen eta irudien  bidez izan zuen. Eta bi artista sonatu hauek erreferentzia ezinbestekoak izan ziren pintorearen formazioan. Mantegnaren estiloak ere eragin zion, perspektibaren kontuei dagokienez, eta Leonardoren sfumatoa bere egin zuen. Gai erlijiosoak landu zituen, garaiko eskaera askok eliza inguruko eragileek bideratua zen eta. XVI. mendeko bigarren hamarkadatik aurrera Parma egin zuen bizileku, eta hango komentu, eliza eta egoitza asko bere artelanez jantzi zituen.

 

    Jupiter eta Io (1530)

 

 

                              San Paolo eliza. Parma (1519)

 


 

Arestian bitan esan bezala Leonardo izan zen sfumatoaren teknikaren aintzindaria. Gerora artista gutxik lortu dute haren maisutasuna baliabide hau erabiltzean. Pascal Cottek ikerlariak (La passion Léonard, comprendre et créer, Ars Latina. Paris, 2007) Gioconda lanaren azterketa eginda, teknika zertan den azaltzeko ahalegina egin du.

 

Hona urratsak zeintzuk diren:

  1. Makal egurreko ohol baten gainean igeltsu eta lekeda berezi batez (gesso delakoaz) osaturiko prestakina zabalduko dugu.
  2. Pintzelaz irudiaren aurreneko zirriborroa egingo dugu. 
  3. Oholari olio kolore-geruza mehetxoa emango diogu.  
  4. Itzalak eta tarteko tonoak ezarriko ditugu. Mona Lisaren ezker begian artistak Sienako lur ureztatua erabili bide zuen. 
  5. Pintzelaren muturraz aipatu itzalak eta tarteko tonoak "lausotzen" siatuko gara. 
  6. Koadroari koloretako kapa fin gardena ezarriko diogu, aldean aldeko koloreak kontuan hartuta. 
  7. Lausotutako guneak errepasatuko ditugu, euren bitarteko guneak ukitu leun eta txikiz pintatuz. 
  8. Azken pausua: Itzal-argi guneak ukitu are txikiagoz perfilatuko ditugu, lanbrotzea agerikoago eginez. 

Horrela eginda ez da nabarituko pintzela hor zehar ibili dela, eta oso zaila da asmatzea zein teknika erabili duen artistak.