Zinismo politikoa
Gizarte hipokrita batean bizi garela nioen orain dela gutxi. Egunetik egunera sentipen hori barneratuago dudala ohartu naiz. Etsipena da egunero esnatzean nabaritzen dudana. Mundu honetan bizi naizelako, eta gizarte onen zati txiki bat izanik egoera aldatzen ez dakidalako.
Gaur, ostera, umoretsu esnatu naiz. Iraganean igeri egin nahian hasi naiz, azkenekoz eguna hala noiz hasi nuen gogoratu asmoz. Ezer ez. Huts-hutsik dut burmuina. Agian atzo ohean sartu aurretik erretakoak kalte egin zidan.
Irratiak argitu dit eguna. Gaur eguraldi atsegina egin behar omen du. Mendira joateko plana egin dut segidan. Ohetik altxa orduko, ordea, euria. Eguzkiaren arraztorik ez. Tira, umore onez jarraitzeko agindu diot nere buruari. Eta gaur bai, gaur erronkari eutsiko diot. Eguraldiaren berri ematen duen ahots zakar horri izorratzeko bada ere.
Kafesnea berotu, zigarroa piztu eta atzoko egunkariari erreparatu diot. Mahai gainean jarraitzen du, eguerdian bertan laga nuen modu berean, erditik tolestuta. Besoa luzatu, nirera gerturatu eta han hasi naiz, atzetik aurrera, azken orriko horoskopoarekin. Azalera gerturatzen joan naizenean jabetu naiz gure herriak duen arazoarekin. Herri bat ere ez garela. Ez gaituztela hala ikusi nahi.
Egunen batean gure hitza entzun eta aintzat hartuko dutela pentsatu dut ondoren, eta jarraian erronka bati eutsi behar niola gogoratu dut. Gaur ez didate eguna zapuztuko.
Iruzkinak
Josu 2007-09-25 01:36 #1
Bejondeizula!
indezent 2007-09-25 11:01 #2
Ez da ez batere izpiritu txarra
Sugoi 2007-09-25 21:05 #3
Intentzio esaten dute dela balio duena, baina aizu, horretaz gain aurrera eramatea ez da gutxi!<br />
Utzi iruzkina: