Zutik edo eserita

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2008-03-04 16:37
2

Esaten dute posturak garrantzia duela. Ez dela gauza bera eserita, zutik edo ohean egitea. Egin, edozein tokitan egin daiteke, egiaz. Berdin hondartzan zein kartzelan (nik hondartzan nahiago).

Gehienok aulkian eserita egiten dugu, ordea, salbuespenak salbuespen. Truman Capotek ohean etzanda idazten zuen, bere zetazko txabusina soinean. Nabokovek zutik ekiten zion idazteari, atril baten laguntzaz, bi orduz eta goizez beti. Ernest Hemingway eta Philip Roth, biak postura bertikalaren lagunak omen, idazmakina apalategi batean kokatuta lehenengoa, bizkar arazoak tarteko bigarrena. Baina lehen esan dudanez, ohikoena, eserita.

Nik denetarik ezagutzen dut: lan-mahaian txintxo, sofan, baita komunean ere, ordenagailu eramangarria izterren gainean, nahiz eta tramankuluak azala erre (esaten dutenez). J.K. Rowlingek Harry Potter kafetegi bateko mahaian idatzi omen zuen, etxean elektrizitatea moztu ziotelako, faktura ordaintzeko dirurik ez zuen-eta. Gauzak zer diren, orain Londreseko kafetegi guztiak erosteko adina diru dauka!

Baina esperientziak esaten dit mugimenduan datozela ideiarik onenak. Kalean, igerilekuan, dantzan: eskura bolalumarik ez dugunean. Ziur esplikazio neurologikoa ere badagoela. Mugimendua = jenialtasuna. Bai tragikoa idazlearen patua, idazterakoan eserita erosoago dago, baina ipurdia aulkian edo sofan jartzearekin batera, jenialtasunak alde egiten dio.

Nik tarteko irtenbide bat aurkitu dut, ordea. Eserita egiten dut, bai, baina ordenagailuaren alboan baso bat ur daukat, eta basoaren alboan, pitxer bat, urez beterik. Edan eta idatzi, horretara lotzen naiz, eta halako batean, eta nire maskuria txikia denez, komunera joateko beharra sortzen zait. Eta ipurdia altxatu eta mugimenduan jartzen naiz. Komunetik bueltan edaten jarraitzen dut, eta pixagura ere berehala etortzen zait bueltan. Mugimendua eta eserialdiak, biak konbinatzen ditut, eta nago, formula honen bitartez, jenialtasun orekatu batera ailegatu naitekeela. Laster, oso laster, gutxien espero duzuenean.

maria

maria 2008-03-04 18:05 #1

Jajaja. Ni ere lanean berdin ibiltzen naiz, ur botilatxoa alboan beti, baina jenialtasunez juxtu xamar, hala ere. Itxuraz arkitektoek uraren ordez <EM>scotch</EM>-a behar dugu jenialtasuna lortzeko. Behintzat hala diote <A href="http://eu.wikipedia.org/wiki/Alvar_Aalto">Alvar Aalto </A>eta <A href="http://eu.wikipedia.org/wiki/Mies_van_der_Rohe">Mies van der Rohe</A>-ri buruz ;)

Josu

Josu 2008-03-04 23:21 #2

Nik ia beti portatila soinean daramat, edo bestela blok txiki bat eta boligraforen bat. Bestela, azken errekurtso moduan, mugikorrean mezuak idazten ditut, hasieran engorroa da, baina gero praktika hartzen diozu eta esango nuke mugikorrean eta eskuz antzeko abiaduran idazten dudala. Lagun bat espertoa da <a href="http://palerias.com/2007/11/reflexin-en-una-taza-de-vter.html">toki bitxietan idazten</a>.<br>


Utzi iruzkina: