Sei urte beranduago

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2007-09-14 11:37
2

Nire lagun bat New Yorken zegoen 2001eko irailaren 11n. Egun bat lehenago heldu zen hirira, turista xume gisa, eta gertakari lazgarri horren testigu mutu bilakatu zen, handik astebetera aireportuak berrireki zituzten arte. Mutu esan dut, ez dakit zergatik (klixeak eramanda, seguru), askotan kontatzen baitu bere abentura, eta oraindik seme-alabarik ez duen arren, bere bilobei ere New Yorkekoa kontatuko diela iruditzen zait.

Ez da nolanahiko batailatxoa.

Egun horietan gehien inpresionatu zuena zer izan zen ere behin baino gehiagotan kontatu dit. Times Square inguruko taberna eta kafetegi ugaritan kartelak itsatsi zituzten, hurrengo testuarekin: “Ez duzu ezer kontsumitu behar, sartu eta telebista ikus dezakezu”. Eta karteltxoak adierazten zuenari men eginez, bertara biltzen ziren hiritar eta turista galduak, irlaren hegoaldean zer arraio gertatzen ari zen pantailari galdezka.

Horixe da gehien hunkitu zuena, bai. Izan ere, fanatiko erlijiosoz beteta dagoen herrialde horretan, gehien eta sutsuen profesatzen den erlijioa jabetza pribatuaren kultua da. Eta hala ere, iraileko egun horietan kafetegi eta taberna jabeek muzin egin zioten lege sakratuari, eta ateak eta telebistak zabaldu zizkieten edonori, musu-truk. Zerbait aldatzera zihoala sentitu zuen nire lagunak hori ikusita, munduaren aurpegia betiko aldatuko zela-edo.


Patricia 2002ko irailaren 11n ezagutu nuen, Ingalaterrara ailegatu berritan. Egun hori aukeratu zuen bidaiatzeko hegaldia ezin merkeago zegoelako. “Zerbait ona atera da nahaste-borraste honetatik”, pentsatu nuen orduan,  “hemendik aurrera irailaren 11 guztietan hegaldi merkeak topatu ahal izango ditugu, jendeak egun horretan hegan egiteari dion beldurra lagun”.

Ezin esan azken sei urte hauetan mundua aldatu ez denik. Baina ez nire lehenengo lagunak buruan zuen modu anaikor eta naïf horretan. Hegaldi merkeei dagokionez ere, gutxi iraun zuen beldurrak. Bidaia merkerik ez egunotan (konprobatu dut). Aireportuetako kontrolak dira orain beldur gehien ematen dutenak.

(Bide batez, gaur Patriciaren urtebetetzea da. Oso gogoan dut 2002ko bere urtebetetze jaia. Gaur ez naiz berarekin egongo, baina zoriontasun guztia opa diot.)

Larrugorrian

Larrugorrian 2007-09-14 12:12 #1

Zoritxarrez egun hartan gertatutakoek guztiz aldatu dute Lehen Mundukoak garenon izaerak. Gobernu gehienek -denak esango nituzke, baina badaezpada ere...- irailan 11ko gertakariei etekinak atera dizkiete, eta gu guztion segurtasuna bermatuko dutelaren aitzakiaz baliatuz gu guztiak zapaltzen gaituzte orain, inolako errespeturik gabe. Abioia hartzeko pasatu beharrko kontrol guztiak ikustea besterik ez dago.

eneko

eneko 2007-09-14 16:51 #2

<p>New York, New York.</p>


Utzi iruzkina: